Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Irailak 27

Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatariak bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzala?». Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren.

Irailak 26

Aldi hartan, eztabaida sortu zen ikasleen artean, zein ote zen haietan handiena. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta, haurtxo bat hartu, beren ondoan jarri eta esan zien: «Haur hau nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauen hura onartzen du. Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena». Orduan, Joanek esan zion: «Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa». Baina Jesusek erantzun zion: «Ez galarazi, zeren zuen aurka ez dagoena zuen alde baitago».

Irailak 25

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten. Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra urean…

Irailak 24

Aldi hartan, Jesusek egiten zituenengatik txundituta zeuden guztiak. Hark esan zien ikasleei: «Hartu ongi gogoan hitzok: “Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute”». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; ilun gertatzen zitzaien, eta ez ziren esanahiaz jabetzen; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien.

Irailak 23

Jesus otoitzean bera bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias». Inori ez esateko agindu zien Jesusek zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da».

Irailak 22

Aldi hartan, jakin zuen Herodes agintariak gertatzen zen guztia, eta zer pentsatu ez zekiela zegoen. Batzuek Joan Bataiatzailea hilen artetik piztu zela zioten; beste batzuek Elias profeta agertu zela; beste zenbaitek, berriz, antzinako profetaren bat piztu zela. Herodesek, ordea, honela zioen: «Joani neuk moztu nion lepoa. Nor da, beraz, hau, horrelakoak entzuten baititut honi buruz?». Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen.

Irailak 21

Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarraitu niri». Mateok zutitu eta jarraitu zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Mateoren etxean; beste zergalari eta bekatari asko ere etorri eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta honen ikasleekin. Fariseuek, hori ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zuen Maisuak zergalariekin eta bekatariekin?». Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek sendagile beharra, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».

Irailak 20

Aldi hartan, ama eta anai-arrebak joan zitzaizkion Jesusi, baina jendearen jendeaz ezin iritsi ziren beragana. Eta jakinarazi zioten Jesusi: «Hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, Zu ikusi nahian». Jesusek erantzun zien: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak».

Irailak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Inork ez du argia pizten eta ontzipean gordetzen edota ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten. Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik. Kontu izan, beraz, nola entzuten duzuen! Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».

Irailak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten. Deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, ez baitzara aurrerantzean nire etxezain izango”. Etxezainak, orduan, bere baitan zioen: “Zer egin behar dut nik orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nautelarik etxean nork hartu izan dezadan”. Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak…