HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Inork ez du argia pizten eta ontzipean gordetzen edota ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten. Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik. Kontu izan, beraz, nola entzuten duzuen! Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».

Lukas 8, 16-18.

Gaurko Ebanjelioak “Ereilearen parabolan” agertzen den ideia bat azpimarratzen du: Hitza entzutearen garrantzia. Parabolan, Hitza entzutea Jainkoaren Erregetzaren bizitza bizitzeko eta haren araberako giza-izaera eraikiz joateko gakoa zen. Gaurko ebanjelioan, horretaz gain, entzumena bihurtzen da Hitzak dakarren argia eta egia iritsi ahal izateko bide.

Beste mezu bat ere ematen digu gaurko ebanjelioak, ohar garrantzitsua dena: entzumenak ondo entzutea eskatzen du, ezin da edonola entzun. Ondo entzuteaz asko hausnar daiteke, baina entzumen honek behar dituen bi bertute kontuan hartzen has gaitezke. Lehenengoa, zintzotasuna da. Entzumen zintzoak asmoen zuzentasuna eta borondate ona zaintzea eskatzen du; gainera, aurreiritziak, autoengainamenduak, autojustifikazioak, erabakiak mugitzen dituzten asmo ezkutu eta ez zilegiak ezagutzeko ahaleginak egin eta gaitzetsi behar ditugu. Bigarren bertuteak, apaltasunak, nire baitatik, nire egotik ateratzea, Jainkoa bizitzaren oinarri eta gidari bihurtzea, eskatzen du. Erronka handia dugu aurretik, bizi-bide oso bat, Jainkoaren laguntzarekin bakarrik egin ahal izango duguna.

Kristoren aurrean, berarekiko solasean, eska iezaiozu zuri ondo entzuten irakasteko eta zure entzumena hobetzeko.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.