HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 27

Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatariak bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzala?». Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren.

Lukas 9, 51-56.

Koherentziatik egiten edota egin nahi den bidea ez da erraza. Heriotzazko, iluntasunez josiriko, ulertzen ez diren oztopoak ere eduki ditzake, Jesusi gertatu zitzaion bezala; baina horrek ez du justifikatzen autodefentsa gogor batean kokatzea. Jesusek ere garbi uzten digu. Geure mugek, ahultasunek, behar bada, bizitzazko bidean tinko mantentzea oztopatzen digute, baina erne egon behar dugu amorruan harrapatuta gelditu gabe bidean aurrera zentzuz, arduraz eta erantzukizunez egiteko. Amorruan gelditzeak biolentzia gehiago sortzen du, eta horrek sendotasunean oinarritutako pertsonak izatea oztopatzen digu, eta, nola ez, inguruan eta besteekin bizi gehiago eraikitzea eragozten du. Gure gaurko inguruak zerbait behar badu, besteak beste, hitz gogor eta mehatxagarrien ordez, tinkotasunetik, hitz eta jarrera xamurrak dira. Eta horretan saiatu eta ahalegindu, alde batean ez bada, bestean zerbait egin daiteke eta. Zailtasunak zailtasun, eta mugak mugak izanik eta horiek edukita ere, neuregan eta neure inguruan goxotasunaren, xamurtasunaren hazia, Jesusen antzera, gogoz, nola eskaini eta erein?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.