HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 23

Jesus otoitzean bera bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias». Inori ez esateko agindu zien Jesusek zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da».

Lukas 9, 18-22.

Jesus Jainkoaren Mesias dela aitortzeak ondo erantzuten dio Jesus nor den galderari; benetan, erantzun zuzena da. Hala ere, paradoxikoa izan arren, fede-aitorpen egokia Jainkoaren hitzak agertzen digun mezua, hau da, Jainkoaren hitza “ondo entzuteko” arazo bihur daiteke. Gaurko ebanjelioak arazo honi buruzko abisu bat ematen digu. Jesus Mesias zela sinistea haren bidea eta Erregetzaren mezua gaizki ulertzeko iturri bihur zitekeen kontestu hartan, eta hala gertatu zen.

Garai hartako juduen artean oso zabalduta zegoen sinistea Jainkoak esku-hartze salbatzaile bat egingo zuela berak bidalitako pertsonaia baten bidez, Mesias izango zena. Zalantza handiagoak sortzen zituzten, ordea, nor eta nolako pertsonaia izango zen, hala nola, zer egingo zuen bezalako galderek. Erantzun anitzak, alabaina, bat zetozen uste batekin: Mesias pertsonaia arrakastatsua, indartsua, garailea… izango zen.

Jesusek, berriz, bere bidea oso bestelakoa izango zela argitaratzen du: onarpenaren eta aintzaren ordez, nagusiek gaitzestuko zuten, sufritu beharra izango zuen, eta erahila izango zen. Garaiko jendearen eta bere ikasleen sinisteak hausten zituen egi hau ezin zen jendearekin partekatu, ulertzeko gai ez baitziren. Herriari Jesus Mesias zela aldarrikatu izan balitzaie, espektatiba hutsalak sortuko zituzketen haren inguruan, eta horrek Jesusen bidea eta eginkizuna baldintzatzeko tentaldiak ekarriko zituzkeen.

Honela, gaurko ebanjelioak oso erroitutako sinisteak izatearen arriskua agerian uzten du. Siniste “argiegiak”, “sendoegiak”, “finkoegiak”, “itxiegiak”, oztopo izan daitezke Jainkoak dakarzkigun nobedadeak, eta Hark erabilitako bideak ulertzeko. Ezin dugu Jainkoa gure sinisteetan “harrapatu”, Jainkoa libre baita, eta beti harrituko baikatu.

Pasarte honen hausnarketak gogora ekarri dit Isaias profetaren ondorengo pasarte ezaguna:

«Egiaz, nire egitasmoak
ez dira zuenak bezalakoak,
ezta nire jokabidea ere
zuena bezalakoa.
Nola zerua lurraren gainetik garai,
halaxe nire jokabidea
zuenaren gainetik
eta nire egitasmoak zuenen gainetik”.
(Isaias 55, 8-9).

Kristoren aurrean berarekiko solasean meditatu Isaias profetaren pasartea…

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.