Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Abenduak 11

Menditik jaistean, galdetu zioten ikasleek Jesusi: «Nolatan diote lege-maisuek, lehenbizi Eliasek etorri behar duela?»
Jesusek erantzun zien: «Bai, Eliasek etorri behar zuen eta gauza guztiak eraberritu. Baina hara zer diotsuedan: Elias etorria da, eta ez dute aintzat hartu, baizik eta nahi izan duten guztia egin diote. Era berean, Gizonaren Semeak ere oinazeak jasango ditu horiengandik». Orduan konturatu ziren Joan Bataiatzaileaz ari zitzaiela.

Abenduak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”.
Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez duela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».

Abenduak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuan txikiena, hura baino handiago da. Joan Bataiatzailea agertu zen egunetatik gaurdaino, zeruetako erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dutenek eskuratzen dute. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da. Joan hau da etortzekoa zen Elias, nahi baduzue onartu. Belarririk duenak entzun beza».

Abenduak 8

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura.
Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio…

Abenduak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez al da laurogeita hemeretziak mendian utzi eta galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badu, benetan diotsuet, poz handiagoa izango du bakar harengatik, galdu ez diren laurogeita hemeretziengatik baino.
Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako bat ere galtzerik».

Abenduak 6

Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eserita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalendik etorritako fariseu eta legemaisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion.
Hartan, gizon batzuk azaldu ziren elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik ez baitzuten aurkitzen nondik sartu, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek honela esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!»
Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak…

Abenduak 5

Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtean, Pontzio Pilato Judeako agintari zela, Herodes Galileako erregeorde, honen anaia Filipo Iturea eta Trakonitidako erregeorde, Lisanio Abileneko erregeorde, eta Anas eta Kaifas apaiz nagusi zirelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion basamortuan Zakariasen seme Joani.
Eta, Jordan inguru guztian barrena, bihotz-berritzeko bataioa hots egiten hasi zen, bekatuen barkamenerako, Isaias profetaren liburuan idatzirik dagoen bezala:
«Ahots bat oihuka ari da basamortuan: Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexkak hari. Bete daitezela sakanak, beheratu mendi-muinoak, berdindu daitezela malkarrak, zelaitu lur-maldak. Orduan gizaki…

Abenduak 4

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, Jain koaren erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, errukitu egin zen, nekatuta eta lur jota baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei honela esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara».
Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi hauek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardiengana. Eta…

Abenduak 3

Aldi hartan, Jesus handik ateratzean, bi itsuk jarraitu zioten, oihuka: «Erruki zakizkigu, Dabiden Seme!» Etxera heltzean, itsuak hurbildu zitzaizkion eta Jesusek hau galdetu zien: «Sinesten al duzue hori egin dezakedala?» «Bai, Jauna» erantzun zioten.
Orduan, begiak ukitu zizkien, honela esanez: «Gerta bekizue sinesten duzuen bezala». Eta ireki egin zitzaizkien begiak. Jesusek zorrotz agindu zien: «Kontuz gero! Ez dezala inork ere jakin». Baina haiek, atera orduko, eskualde guztian eman zuten Jesusen berri.

Abenduak 2

Aldi hartan, Jesusek hau esan zien ikasleei: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna” esatea Jainkoaren erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoen nire Aitaren nahia egitea.
Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena bere etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri ziren, haizeak jo zuen eta eraso egin zioten etxe hari; baina ez zen erori, harkaitz gainean oinarritua baitzegoen.

Nire hitz hauek entzun, bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon burugabearen antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, haizeak jo eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen…