HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 3
Aldi hartan, Jesus handik ateratzean, bi itsuk jarraitu zioten, oihuka: «Erruki zakizkigu, Dabiden Seme!» Etxera heltzean, itsuak hurbildu zitzaizkion eta Jesusek hau galdetu zien: «Sinesten al duzue hori egin dezakedala?» «Bai, Jauna» erantzun zioten.
Orduan, begiak ukitu zizkien, honela esanez: «Gerta bekizue sinesten duzuen bezala». Eta ireki egin zitzaizkien begiak. Jesusek zorrotz agindu zien: «Kontuz gero! Ez dezala inork ere jakin». Baina haiek, atera orduko, eskualde guztian eman zuten Jesusen berri.
Mateo 9, 27-31.
Jesusen berri
Zer iragartzen dugu gure bizitzarekin?“Hater“ (‘gorrotatzaile’ ingelesez) eta jende super- kritikoaren garai hauetan, zaila egiten da norbaiti buruz ondo hitz egiten entzutea. Gizarte Sareetara joz gero, denari buruzko kritika errukigabeak aurkituko ditugu. Garai hauetan, badirudi esker ona ezkutatu egiten dela.
Ebanjelioko itsuei izugarri den zerbait gertatu zaie eta hau beren bizitzarekin adierazten duten pertsonak dira. Jesusek eskatu arren, ezin diote kontatzeari utzi, beren bizitza eraldatu delako errealitatera konektatzen dieten begi berriekin.
Bi itsuek fedearen ibilbidea egiten dute, Jesusengana fedez beterik hurbiltzeko erresistentziak garaitzean datzan bidea. Jesusekin topo egiteak aldatu egiten gaitu eta bizitza esker onaren argitik biziarazten digu. Bizitza horrela argi berri eta disdiratsuaz betetzen da aurreko ilunpetatik alde eginez. Esker oneko bizitza Berri Onaren bizitza da.
Gaur Xabierko Frantziskoren eguna da. Euskararen, misiolarien eta hainbat lekutako zaindaria. Berarekin ikasten dugu zer den Berri Ona hots egitea bere garaiko mugetan. Xabierko Frantzisko fedeak bultzatuta eta esker oneko bihotzarekin mundu hartako amaieraraino joan zen Jesusen berria eramanez. Bere eredua jarraituz, ea geu Jesusen berria gure mugetara eramateko gai garen!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.