HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 6

Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eserita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalendik etorritako fariseu eta legemaisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion.

Hartan, gizon batzuk azaldu ziren elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik ez baitzuten aurkitzen nondik sartu, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek honela esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!»

Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak baizik?»

Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, hau esan zien: «Zer burutapen darabilzue zeuen baitan? Zer da errazago esaten: “Barkatuak dituzu bekatuak” ala “Jaiki eta zabiltza?” Hara, bada, orain ikusiko duzue Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena”. Eta honela esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz etxera”». Hura berehala Jaiki zen denen aurrean, hartu zuen etzanik zegoen ohatila eta etxera joan zen, Jainkoa goretsiz.

Guztiak harriturik gelditu ziren eta Jainkoa goresten zuten. Eta, beldurrez beterik, honela zioten: «Harritzekoak ikusi ditugu gaur».

Lukas 5, 17-26.

JAIKI ZAITEZ

Ez gara konturatzen, baina denbora gehiegi pasatzen dugu eserita eta inoiz gure aulkiari loturiko elbarrituak garela dirudi. Gure elbarritasunek askotan gure gatazka eta bekatuekin zerikusia izan dezakete.Besteekin arazoak izan eta bakoitza bere lekuan geldirik egonda, sortutako arazoak ez dira konpontzen, eta lotura hori gero eta gehiago ahultzen da.

Jesusen presentziak, baina batez ere Jesusek dakarren barkamen-bideak aukera berriak irekitzen dizkigu. Adiskidetzea bizitzeko aukera da, gure elbarritasuna alde batera uzteko eta harreman marko berri batean egoteko. Adiskidetzea berpizkundearen aurrekari bihur daiteke geure bizitzan.

Jendea sendatzeak eta barkamen bideak bultzatzeak arazo berriak sor ditzateke besteekin, Jesusekin gertatzen den bezala. Gizarte bezala barkatzea kosta egiten zaigu eta horrek elbarritasun egoerak egonkortzen ditu. Izan dadila abendua barkamenaren denbora eta horrela aukera berria izango dugu elkarrekin dantzatzeko eta Jesusen Berri Ona elkarrekin ospatzeko.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.