HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”.

Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez duela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».

Mateo 11, 16-19.

Munduaren egoerari begiratzen diogunean, konponbiderik ez duen gizarte galdu batean bizi garela pentsatzen dugu. Gure planeta salbatu nahi dugu, baina ez ditugu beharrezkoak diren baliabideak jartzen; denok bakean bizitzea nahi dugu, eta gatazka berriak bat bestearen ondoren sortzen dira; denek ondo bizitzeko eskubidea dutela esaten dugu, baina gure egoerarekin baino ez gara arduratzen. Nahi genukeenaren eta gertatzen denaren artean kontraesan handi bat dago eta hala ere nahiko lasai bizi gara.

Jesusek pasarte honetan, haurren zein helduen artean sortzen ziren kontraesan batzuk salatzen ditu, horrelakoak gizartean beti gertatu diren seinalea agertuz. Hala ere, ez da horregatik bereziki haserratzen, portaera hori aski arrunta dela badakielako. Ekintzen garrantzia agertu nahi du, ekinez Jainkoaren bidean jartzen garelako.

Hala ere, borondate onarekin bakarrik ez da nahikoa. Otoitzean fidatu behar dugu, eta beti sinetsiz Jainkoak laguntzen digula komenigarriena bereizten. Kontraesanak alde batera utziz beregana hurbil gaitezen eta, konbentzimenduz eta zalantzarik gabe, sen onak esaten digun arabera joka dezagun. Hasteko, Abendualdiko garai hau une egokia litzateke. Anima zaitez.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.