HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 4
Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, Jainkoaren erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, errukitu egin zen, nekatuta eta lur jota baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei honela esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara».
Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi hauek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardiengana. Eta bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean».
Mateo 9,35-10,1.5a.6-8.
HERRIZ HERRI
Erlijiotasuna era ezberdinetan bizi daiteke. Alde batetik finkatuta dagoen erlijio-bizipenera hurbiltzen gara. Honen irudirik adierazgarriena tenplu handi eta sendoak izan daitezke. Bestetan erlijio-esperientziak jendearekin bat egiten duela eta lekuz leku joaten dela ikusten dugu, eta honen ezaugarria erromesaldiak izan daitezke.
Jesus herriz herri eta auzoz auzo mugitzen da. Jendearen bideetan bat egiten du haiekin topo eginez. Erreinua pertsona bakoitzari hurbiltzeko izugarrizko lana eskatzen du. Honek zera esan nahi du, Jesusen proposamena ez dela guztiz instituzionala, pertsonalizatua baizik. Jesusek pertsona bakoitzari banakako erantzuna ematen dio.
Gure elizak herriz herri joateko erronka berria du. Ez lehen ulertzen zen bezala, baizik eta globalizazioak ekarri dizkigun bide berriak jorratuz. Bertan sekularizazioaren herritik, aniztasunaren herrira joan beharko dugu eta besteengandik ikasi, pertsona bakoitzari laguntzeko eta Jesusen berri ona proposatzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.