Aldi hartan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku kutsatuekin –hau da, eskuen garbikuntza egin gabe– jaten zutela ikusi zuten. Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute ohiturazko beste hamaika betebehar: hala nola, edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa. Horrela bada, fariseuek eta lege-maisuek galdetu zioten Jesusi: «Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?». Jesusek erantzun zien…
Bilaketaren emaitzak
Otsailak 9
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera iritsi ziren eta bertan lehorreratu. Ontzitik atera orduko ezagutu zuen jendeak Jesus, eta lurralde hartan barna joan ziren; eta Jesus nora, haraxe eramaten zizkioten gaixoak ohatiletan. Jesus joaten zen herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.
Otsailak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zuek zarete lurraren gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, kanpora bota eta jendeak zapaltzeko baizik. Zuek zarete munduaren argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen herria. Kriseilua ere ez da pizten lakaripean ipintzeko, argimutilaren gainean ipintzeko baizik, etxeko guztiei argi egin diezaien. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten».
Otsailak 7
Aldi hartan, apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. Jesusek esan zien:
«Zatozte zuek bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden pixka bat». Asko baitziren joan-etorrian zebiltzanak, eta ez zuten jateko ere astirik. Orduan, bazter batera joan ziren beraiek bakarrik, txalupaz. Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, oinez, haiei aurrea hartuz. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen. Errukitu zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta luzaro irakasten hasi zitzaien.
Otsailak 6
Aldi hartan, jakin zuen Herodes erregeak Jesusen berri, honen izena oso ezaguna baitzen. Batzuek zioten: «Joan Bataiatzailea piztu da hilen artetik; horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». Beste batzuek, berriz: «Elias da». Eta beste zenbaitek: «Profeta da, antzinako profetak bezalakoa». Iritzi hauek entzutean, hau zioen Herodesek:
«Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da». Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil…
Otsailak 5
Aldi hartan, Jesus Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako ezer ez hartzeko agindu zien, makila besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik ere gerrikoan; oinetan sandaliak eraman zitzatela; baina aldatzeko soinekorik ez. Gero, nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez badizuete, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, haien kontrako seinaletzat». Joan ziren, bada, Hamabiak eta Berri Ona hots egin zuten, jendea bihotz-berri zedin. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz gantzutuz.
Otsailak 4
Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zen, irakasten.
Otsailak 3
Aldi hartan, Jesus itsasoaz bestaldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Oraindik itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Alabatxoa hilzorian dut; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zen. Jende asko zihoakion ondoren, estutzen. Bazen han emakume bat, hamabi urte haietan odol-jarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende artean atzetik joan eta jantzia…
Otsailak 2
Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaionean, gurasoek Jerusalemera eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela dago agindua Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini behar zuten: «Bi usapal edota bi usakume». Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen, eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zen. Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus haurra tenplura eraman zutenean, Simeonek haurra…
Otsailak 1
Aldi hartan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak inguratu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak gogoz behartsu direnak, berena baitute Jainkoaren erreinua. Zorionekoak atsekabetuak, beraiek baititu Jainkoak kontsolatuko. Zorionekoak apalak, beraiek izango baitute agindutako lurra ondare. Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri direnak, beraiek baititu Jainkoak aseko. Zorionekoak errukitsuak, beraiek baititu Jainkoak erruki izango. Zorionekoak bihotzez garbi direnak, beraiek ikusiko baitute Jainkoa. Zorionekoak bakegileak, Jainkoaren seme-alaba izango baitira. Zorionekoak zuzentasunagatik erasoa jasango dutenak, berena baitute…