HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 11

Menditik jaistean, galdetu zioten ikasleek Jesusi: «Nolatan diote lege-maisuek, lehenbizi Eliasek etorri behar duela?»

Jesusek erantzun zien: «Bai, Eliasek etorri behar zuen eta gauza guztiak eraberritu. Baina hara zer diotsuedan: Elias etorria da, eta ez dute aintzat hartu, baizik eta nahi izan duten guztia egin diote. Era berean, Gizonaren Semeak ere oinazeak jasango ditu horiengandik». Orduan konturatu ziren Joan Bataiatzaileaz ari zitzaiela.

Mateo 17, 10-13.

Bizitzan beti zerbaiten zain irrikaz bizi gara: noiz iritsiko diren oporrak, opariak hartzeko noiz iritsiko da urtebetetzea, noiz egin nahi dugun bidaia, … Egoera horrek askotan estutasuna ere sortzen digu eta ez gara konturatzen bitartean denbora pasatzen ari dela eta bizi dugun tenoreaz aprobetxatzeko eta gozatzeko aukera galtzen dugula. Bide batez, begiak lausotzen zaizkigu garrantzitsua denetik desbideratuz.

Jesusen garaian, ekintza harrigarriak egingo zituen profetaren zain egoten ziren eta itxaropen horrekin itsututa bezala bizi zen jendea. Banaka batzuk izan ezik, ez Elias, ez Joan Bataiatzailea, ez Jesus bera ere, ez ziren profetak zirela ezagutzeko gai izan. Horren erruz, profetek heriotzaraino eraman zituzten zailtasun eta sufrimendu handiak  pairatu ondoren, Jesusen kasuan bereziki.

Gure bizitzan garrantzitsua dena antzeman behar dugu. Esker onez, Jesus ezagutzeko aukera izan dugu eta bere testigantza eta eredua jarraitzeko eskaintzen zaigu. Ez gaitezen itsutzen utzi, graziaz beteriko bizitza baten itxaropena galduz.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.