HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 2
Aldi hartan, Jesusek hau esan zien ikasleei: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna” esatea Jainkoaren erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoen nire Aitaren nahia egitea.
Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena bere etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri ziren, haizeak jo zuen eta eraso egin zioten etxe hari; baina ez zen erori, harkaitz gainean oinarritua baitzegoen.
Nire hitz hauek entzun, bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon burugabearen antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, haizeak jo eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta erabat hondatua gelditu».
Mateo 7, 21.24-27.
JAUNA, JAUNA
Bizitzan laguntza eskatu behar dugun egoeretan aurkitzen garenean, Jainkoari, santuei, Estatuari, familiari eta abarri dei egiten diegu. Gaurko ebanjelioak Jaunarekin dugun harremana sakontzera gonbidatzen gaitu. Kontua ez da soilik hitzez deitzea, baizik eta aldez aurretik prozesu pertsonala egitea. Horrek azalkeria alde batera uzten laguntzen digu eta horrela, Ebanjelioaren arabera, beste bizi-dinamika berrian sar gaitezke.
Sakontzeko bidea proposatzen zaigu. Lehenik eta behin, Hitza entzun behar da. Bizi dugun zarata eta abiadurarekin asko kostatzen zaigu gelditzea, entzutea eta kontenplatzea. Bigarren unea, Hitza bizitza bihurtzea da. Kontua ez da ideia buruan geratzea, baizik eta burutik bihotzera eta eskuetara pasatzea. Ekintzan kontenplatiboak izateko proze su horretan eraiki dezakegu gure bizitza etxe seguru gisa.
Azalkeriaren globalizazioan bizi garela esan zuen Aita Nicolasek. Gaurko ebanjelioak lagundu dezake, “Jauna, Jauna” esaten ez gelditzen, baizik eta gure errealitate pertsonal eta ingurukoenean sakon-sakon murgiltzen. Horretan, Jesus dugu maisu eta bere eskutik asko ikas dezakegu gure egunerokoan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.