HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 8

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.

Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura.

Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango».

Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi».

Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goigoikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik».

Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.

§ Lukas 1, 26-38.

“Ez beldur izan”. Beldurra berezkoa du gizakiak eta beti berekin erantsirik eramaten du. Arriskua agertzen zaionean pizten da eta, norberaren burua zaintzeko den neurrian, ona izan daiteke, baina maiz kaltegarria ere gerta daiteke.  Gaur egun, gure gizartean beldurra inoiz baino hedatuagoa dago: birusak, ezberdintasunak, lanak, harremanak, … Beldurrak geldiarazten gaitu, estutasuna sortzen digu eta erabakiak askatasunez hartzeko aukera kentzen digu.

Ebanjelioan Mariak, aingerua arretaz entzuteaz gain, hasierako beldurra gaindituz, bere jarrera baikorra eta eskuzabala agertzen du. Goitik etorri zitzaion gomitari ez zion beldurrik izan, baiezkoa emateak nolako arazoak ekarriko lizkiokeen jakin arren.

Gaurtik, barruko isiltasunetik egiten zaizkigun gomitei belarriak zabalduz, gure beldurrak uxatzen has gaitezke. Jainkoari gugandik nahi duena esateko aukera eman eta egiten digun gonbidapenari baiezko erantzuna eskaini diezaiokegu.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.