HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 5
Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtean, Pontzio Pilato Judeako agintari zela, Herodes Galileako erregeorde, honen anaia Filipo Iturea eta Trakonitidako erregeorde, Lisanio Abileneko erregeorde, eta Anas eta Kaifas apaiz nagusi zirelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion basamortuan Zakariasen seme Joani.
Eta, Jordan inguru guztian barrena, bihotz-berritzeko bataioa hots egiten hasi zen, bekatuen barkamenerako, Isaias profetaren liburuan idatzirik dagoen bezala:
«Ahots bat oihuka ari da basamortuan: Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexkak hari. Bete daitezela sakanak, beheratu mendi-muinoak, berdindu daitezela malkarrak, zelaitu lur-maldak. Orduan gizaki guztiek ikusiko dute Jainkoaren salbamena».
Lukas 3, 1-6.
BIDEAK PRESTATU
Abendualdiko igande honetan abendualdi beraren muina agertzen zaigu: prestaketa. Eliza bezala, elkarte bezala eta pertsonalki bihotza prestatzera gonbidatzen zaigu. Abendualdiak etorri behar denarekin zerikusi handia du, eta Jainkoak gurekin bat egiteko prestatu behar gara.
Gure egunerokoan, askotan, ez gara konturatzen zer gertatzen zaigun. Bai barruko eta bai kanpoko zaratarekin ez dugu Jainkoaren presentzia antzemateko aukera gehiegi. Tradizioak dio, Jainkoa pasa ondoren ikusten dela. Adi egoteko begiak eta bihotza prestatu behar ditugu horretarako.
Nola prestatu? Garai hauetan “Black Friday”, erosketak, kurtsoa, negua, lana eta abar pilpilean ditugu. Zarata gehiegi eta isiltasun gutxi, eta beraz isiltasuna izan daiteke tresna lagungarria. Isiltasunetik abiatuta otoitzera joan gaitezke, bertan Jainkoaren presentzia sentitzeko. Gaur igandea izanik, tartetxo bat hartzeko eta otoitz egiteko aukera ederra izan daiteke. Agian ez dut maiz otoitz egiten, baina bidean martxan jartzeko tartetxo bat hartuz eta gogoa ipiniz dena posible izan daiteke.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.