Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Ekainak 28

Aldi hartan, Jesus txalupara igo zen eta ikasleek jarraitu zioten. Bat-batean, ekaitz handia sortu zen itsasoan, eta olatuek txalupa estali egiten zuten. Jesus, berriz, lo zegoen. Ikasleek hurbildu eta esnatu zuten, esanez: «Salba gaitzazu, Jauna! Galtzera goaz!» Hark esan zien: «Zergatik zarete hain beldurti, sineste txikikook?» Eta, zutiturik, haserre egin zien haizeari eta itsasoari, eta barealdi handia egin zen. Ikasleek, harriturik, hau zioten: «Nor ote dugu hau, berak esana egiten baitute haizeak eta itsasoak ere?»

Ekainak 27

Aldi hartan, Jesusek, bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste itsasertzera igarotzeko agindu zuen. Orduan, lege-maisu bat hurreratu zitzaion, esanez: «Maisu, noranahi jarraituko dizut» Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri» Beste batek, ikasleetakoa zenak, esan zion: «Jauna, uztazu lehenik nire aitari lur ematera joaten» Jesusek erantzun zion: «Zuk jarraitu niri, eta utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen».

Ekainak 26

Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatariak bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzala?» Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren. Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi: «Noranahi jarraituko dizut» Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri»…

Ekainak 25

Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. Jaiak amaiturik gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.

Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:
—Seme, zergatik…

Ekainak 24

Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek fariseuei eta lege-maisuei: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez al da joaten, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galdutakoaren bila aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxera iristean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia”. Hara Nik esan: Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihotz-berritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino».

Ekainak 23

Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik  Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena».

Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko…

Ekainak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-larruz jantzita datozkizue, baina barrutik otso harrapariak dira. Beren egintzetatik antzemango diezue. Elorritik biltzen ote da mahatsik, edota laharretatik pikurik? Zuhaitz onak fruitu ona ematen du, eta zuhaitz txarrak fruitu txarra. Zuhaitz onak ezin du fruitu txarrik eman, ezta zuhaitz txarrak ere fruitu onik.

Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da. Beraz, beren fruituetatik antzemango diezue sasiprofetei».

Ekainak 21

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez eman zakurrei gauza sakratuak, ez bota zerriei zeuen harri bitxiak, hankapean erabil ez ditzaten eta, zuen kontra itzulirik, zatika ez zaitzateten. Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia egin zuek ere besteei; horixe da Moisesen legeak eta profetek diotena.

Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak!».

Ekainak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak zuek gaitzetsi ez zaitzaten. Izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak; eta zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak.

Nolaz ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen? Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Uztazu zeure begitik lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean habea duzula? Itxurazale hori! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».

Ekainak 19

Aldi hartan, Jesusek Jainkoaren erreinuaz hitz egin zion jendeari, eta premia zuten guztiak sendatu zituen. Iluntzen hasia zen. Hamabiek hurbildu eta esan zioten Jesusi: «Bidal ezazu jendea, inguruko baserrietara eta auzoetara joan eta ostatua eta jatekoa bila dezaten, hau leku bazterra da eta». Jesusek erantzun zien: «Emaiezue zeuok jaten». Haiek, orduan: «Ez dugu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat». Bosten bat mila gizonezko ziren. Jesusek esan zien ikasleei: «Eserarazi berrogeita hamarnaka». Hala, denak eserarazi zituzten. Jesusek, bost ogiak eta bi arrainak hartu eta, begiak zerura jasorik…