HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 20
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak zuek gaitzetsi ez zaitzaten. Izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak; eta zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak.
Nolaz ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen? Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Uztazu zeure begitik lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean habea duzula? Itxurazale hori! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».
Mateo 7, 1-5.

Zeinen ongi ezagutzen gaituen Jesusek. Zeinen zorrotz aztertzen dituen gure jokamoldeak. Zenbat gustatzen zaigun besteen akatsak ikustea, borondate eta intentzio onenarekin, noski; bestearen mesederako, nola ez; kritika konstruktiboa eginez, beti… Ziur?
Seguru nago Jesusek esan digunean guk besteak epaitzen ditugun eran epaituko gaituela Jainkoak, dardar ikarak hartu zaituztela pentsatze hutsarekin, eta “ez al da hala izango” esanez geratu garela.
Inor ez gaitzestea, inor ez epaitzea… posible ote da?
Ez garela gai apal-apal onartu beste biderik ez dugu; onartu ez garela gai ez epaiketak albo batera uzteko, ez besteak baino hobeak garela pentsatzeari uzteko, ez eta Jesusi egiaz jarraitzeko.
Bai, Jainkoak horrela epaituko bagintu ez zen ezer geratuko zutik gugan. Jainkoa, eta lagun hurkoa, ganoraz hartzeak ezinbestean apalak izatera eta, geure zintzotasunean oinarritu ordez, Jainkoaren ontasunean oinarritzera eraman behar gaitu. Berak bakarrik eman baitiezaguke ez epaitzea, ez gaitzestea, eta maitatzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.