HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 25
Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. Jaiak amaiturik gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:
—Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zein larri genbiltzan aita eta biok zure bila!
Hark erantzun zien:
—Zergatik zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?
Baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zuen. Jesus beraiekin Nazaretera jaitsi eta beraien menpe bizi izan zen. Amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok.
Lukas 2, 41-51.
“Amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok”.
Gaurko egunak derrigorrez garamatza gure arreta guztia Mariarengan jartzera. Eta Mariak fededun guztion bidea egin behar izan zuen, nahiz eta ama izan. Jesusen bokazioa, Jainko Aitarekiko harremana, bakarra izan baitzen, berezia guztiz (ez gaitezen mirarietan pentsatzen jarri, Lukasek argi adierazten baitigu haziz joan behar izan zuela). Eta berezitasun horrek ekarri zuen gurasoek tutik ez ulertzea (gero ikasleek ulertuko ez zuten bezala). Baina Mariak gorde egiten zituen gertakari guztiok.
Mariarentzat ama izatea ez zen handiena izan. Maria handi egiten duena, Betaniako Maria bezala, Jesusen oinetara jarri eta beragandik biziaren hitza jasotzea izango da. Eta hau ez da bat-bateko aldaketa baizik eta bide luzea. Jesus hazten joango den bezala, Mariak ere ikasi beharko du Jainkoak egin dion mesederik handiena ez dela bere Semearen Ama izatea baizik bere Semearen ikasle, jarraitzaile izatea, beragandik bizia jasotzea. Fededun guztiok bezala.
Gaurko eguna ospatzeak, pietate eta debozioak alde batera utzita, eraman gaitzala Maria fedean eredu eta lagungarri bezala bizitzera, beragatik eskerrak ematera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.