HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 19

Aldi hartan, Jesusek Jainkoaren erreinuaz hitz egin zion jendeari, eta premia zuten guztiak sendatu zituen. Iluntzen hasia zen. Hamabiek hurbildu eta esan zioten Jesusi: «Bidal ezazu jendea, inguruko baserrietara eta auzoetara joan eta ostatua eta jatekoa bila dezaten, hau leku bazterra da eta». Jesusek erantzun zien: «Emaiezue zeuok jaten». Haiek, orduan: «Ez dugu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat». Bosten bat mila gizonezko ziren. Jesusek esan zien ikasleei: «Eserarazi berrogeita hamarnaka». Hala, denak eserarazi zituzten. Jesusek, bost ogiak eta bi arrainak hartu eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

Lukas 9, 11b-17.

Nola aldatzen den gaurko pasarte hau gure ikuspegitik irakurrita ala Jainkoaren ikuspegitik irakurrita. Imajina dezakegu Hirutasun Santua pasarte honetan? Jainko Aita, Espiritu Santua eta Jesus, Jainkoaren erreinuaz hitz egiten, premiadunak sendatzen, gosetuak asetzen…

Imajina dezakegu, bai, Jainko Aita Jesusen hitzetan, ekintzetan guztiz emana, eta bere Espiritua, Espiritu Santua, hitz eta ekintza horiek gauzatzen, eta gainezka gauzatu ere.

Imajina dezakegu Hirutasun Santua gu guztiok eserarazten, orduko haiek bezalatsu, eukaristia ospatzean. Eta pasarteak agertzen digun eran, Jesusek bere bedeinkapen-otoitza egiten du, Aitak eta Espiritu Santuak gu guztiok bere biziz ase gaitzaten, ogiarekin batean bere izateaz bete gaitezen.

Egiaz, eukaristiak Hirutasun Santua bere alderdirik ederrenean bizitzera garamatza: familia bat bezala guztiok ogi beretik janez, izate berbera partekatuz, Jainkoaren izate berberean parte hartuz. Horrexek uxatuko digu jendea bidaltzeko asmoa, eta jendeari jaten emateko gogoa piztuko.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.