HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-larruz jantzita datozkizue, baina barrutik otso harrapariak dira. Beren egintzetatik antzemango diezue. Elorritik biltzen ote da mahatsik, edota laharretatik pikurik? Zuhaitz onak fruitu ona ematen du, eta zuhaitz txarrak fruitu txarra. Zuhaitz onak ezin du fruitu txarrik eman, ezta zuhaitz txarrak ere fruitu onik.

Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da. Beraz, beren fruituetatik antzemango diezue sasiprofetei».

Mateo 7, 15-20.

Gure fruituetatik antzeman behar baligute… nor legoke libre sasiprofetatzat hartua izatetik?

Baina, aldi berean, badakigu hori dela bidea gure ekintzak, gure jokabideak aztertzeko, bereizteko… ea bizi fruituak ematen ditugun ala heriotza fruituak. San Ignazio honetan oso azkarra zen, eta gure jokamoldeak ongi aztertzera bideratzen gaitu, ongiaren azpian bestelako asmoak ezkuta daitezkeelako, gure jokabideak anbiguetatez eta ezkutuko interesez josiak egoten direlako sarri, gure intentzio edo desio onak ez direlako beti garbiak…

Kontuz, esan digu Jesusek. Ongi ezagutzen gaitu, badaki gure berri eta badaki iraka gariarekin batera hazten dela. Eta badaki fedea heldutasunez bizitzeko ez dela nahikoa zintzotasuna, intentzio ona eta bihozberatasuna; horrek ezin du estali adi bizitzea eta heldutasunez jokatzea.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.