HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 23
Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena».
Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?». Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen. Haurra gorputzez hazten ari zen, eta espirituz sendotzen; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu zen eguna arte.
Lukas 1, 57-66. 80.
Zer izango ote da ume hau? “Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baino handiagorik” esango du berataz Jesusek.
Egiaz, pertsonaia aparta dugu Joan.
Harengan hitzak aparteko garrantzia izango du. Haren hitzak itxaropena sortuko du herrian. Haren hitzak itxaropen hori ekintza bihurtuko du bihotz-berritu nahi dutenentzat. Haren hitzak salatuko ditu Jainkoaren aitzakian boterea eta zapalketa pilatu dituztenak. Bere hitzak eramango du kartzelara.
Baina hitz hori Jesusengana bideratzeko hitza ere izango da. Ez du hitz hori beretzat, bera mezuaren zilbor bihurtzeko, baizik jendea prestatzeko, beste batengana bideratzeko, Jainkoaren izenean Mesias eta bidali bezala etorri denarengana bideratzeko, Jainkoaren Bildotsarengana. Nahiz eta gero berak galdetu beharko duen ea Jesus den etortzekoa zena ala beste bati itxaron behar dioten.
Izan ere, amaren semerik handiena baino handiagoa da Jainkoaren erreinuko txikiena.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.