HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 26
Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatariak bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzala?» Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren. Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi: «Noranahi jarraituko dizut» Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri». Beste bati esan zion: «Jarraitu niri» Baina hark erantzun: «Jauna, uztazu lehenik neure aitari lur ematera joaten». Jesusek erantzun zion: «Utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen; zu zoaz Jainkoaren erreinua hots egitera» Beste batek, berriz, esan zion: «Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu leheniketxekoei agur egiten». Jesusek erantzun zion: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako».
Lukas 9, 51-62.
“Nor izan” giza seme-alaben erronka nagusia. Jesus horretan ikusten dugu, eta aldi estu batean, bere oinarrizko jarrerak agertzeko Jerusalem hiriburu nagusira joatea erabakitzen du. Eta bere taldekideak zalantza berean, hara eta hona dabiltza: Jesus bizitza eredua onartzeko bidean, eta batera ibilbide horrek eskatzen dituen aukerak eta erabakiak hartu beharrean.
Joxean Artze zenaren hitzak gogora ekarten ditugu: “Garenak izatea, bizitza guztiko borroka latza dugu gizasemeok…”. Hauxe ikusten dugu Lukasen pasarte honetan: Jesusen izate eta egiteak ez ditu pertsonak leku berean uzten, Hura egitasmoa aurrera bultzatzeko erabakia hartzera zihoan. Jainko aita-amaren asmoak ekinean jartzen ditu.
Nor-bera izateko, Ebanjelioak dio gizakiok aukerak egin beharrean aurkitzen garela. Jesusek bizitza ibilbidean horrela jokatzen du: txikienak lehenak jartzen ditu, Jainkoaren asmoak lehen mailan ipintzen ditu, giza harremanetan batzuk jartzen ditu mahai inguruan, bihotz onekoak gogoan hartzen ditu… Eguneroko bizitza honela ehuntzen dugu: aukera txikiei aurre emanez, eta horrela Jainko asmoei gure bitartez historian zirrikitu bat zabalduz. Eta holaxe goaz ni-neu izaten, gu-geu harremanen bitartez.
Ebanjelioan bigarren gonbidapen bat agertzen zaigu: bihotzeko tolesturarik gabe bizi izatera. Jesusen ausardiak eta egitasmoak liluratuta bizi ginen lehenengo aldietan, baina urteak aurrera joan ahala, berriro gaurkotzea jarraitzaile izatea erronka bihurtzen da. Posible da berriro Nikodemoren antzera barrena sendotzea, asmo berriei tokia egiteko?
Gure Jainko zaletasunak zintzotasuna behar du, bakoitzaren konfiantza berriro gaurkotzea, nor izatearen zirrara entzuteko prest bagaude.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.