HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 28

Aldi hartan, Jesus txalupara igo zen eta ikasleek jarraitu zioten. Bat-batean, ekaitz handia sortu zen itsasoan, eta olatuek txalupa estali egiten zuten. Jesus, berriz, lo zegoen. Ikasleek hurbildu eta esnatu zuten, esanez: «Salba gaitzazu, Jauna! Galtzera goaz!» Hark esan zien:«Zergatik zarete hain beldurti, sineste txikikook?» Eta, zutiturik, haserre egin zien haizeari eta itsasoari, eta barealdi handia egin zen. Ikasleek, harriturik, hau zioten: «Nor ote dugu hau, berak esana egiten baitute haizeak eta itsasoak ere?»

Mateo 8, 23-27

Pasarte honek dio, Jesus txalupan zegoela, loak hartuta. Hau da, egon badago, baina gure sentipenak lo ikusten du, egoera arriskutsuaren jabetasunik gabe. Guk espero dugun erara ez da agertzen Jesus.

Jesus presente izatea sarritan ez doa bat gure gurari, desio eta barreneko eskakizunekin. Eragina du gugan, baina ez gure izate, egite eta indarren gainetik, ez gaitu libratzen guk egin ahal ditugun ekintzetatik, gure ardurazko egintzetatik… eta horretan gaudenean, bera indar suspertzailea sentitzen dugu.

Haren hitzen oroimena eginbeharrean aurkitzen gara, gure makalaldi, egonezin eta urduritasunak baretzeko.Beldurrez nire txepeltasunagatik, baina haren presentzia ikusezinakin babestuta, bizitzako ekaitzen erdian mantentzeko norabidea. Horretan aurreko lekukotasunak gogoan hartzen ditugu:

“ …Nigan putzu handi eta sakon bat dago. Eta barren horretan Jainkoaren egoitza. Batzuetan ni ere hartan kokatzen naiz. Sarritan harriek eta hareak putzua zarratzen dute, eta Jainkoa lurpean gelditzen da, isilean, nire zain… gero berreskuratu beharrean nago. Bada jendea otoitz egiteko gora begira jartzen dena. Jainkoaren bila kanpotik ibiltzen direnak. Baina, badago beste jende bat burua makurtzen duena eta bere eskuartera begiratzen. Jainko zaletasuna lantzen duten azkenak direla uste dut…”  Etty Hillesum

Jesusek bere ikasleei agertutako kexua ez da sortzen beldur izateagatik, bai konfiantza txepelak beldurrari indar gehiago emateagatik. Kikilkeria eta fedea Jesusentzak ezin dira elkarren lagun izan. Zein da bere gizatasun proposamena? Edozein motatako ekaitzaren erdian aurkitzen garenean, harengana jo dezagula indar berritua jasotzeko, zera esanez: hau edo bestea sortu izan ezkero, zu nire alboan zaitut, nahiz eta sarritan pentsatu loak hartuta zaudela, hau da, ez zarela nire egoeraz jabetzen…

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.