HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 24

Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek fariseuei eta lege-maisuei: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez al da joaten, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galdutakoaren bila aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxera iristean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia”. Hara Nik esan: Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihotz-berritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino».

Lukas 15, 3-7.

Artzain onaren irudia oso barneratua dugu. Agerian jartzen dituelako Jainko Aitaren izaera –Jesus behin eta berriz txunditzen duen izaera–, eta gure babes eta konfiantza beharra.

Jainko Aitaren maitasunak –esan genezake pertsona arrunt baten hitzetan– ez dio uzten batetik gora kontatzen. Beti banaka, bakoitza guztiz berezia, bakarra baita berarentzat.

Eta hori da Jesus txunditzen duena, Aita horrelakoa izatea: giza kalkuluak eta pentsamoldeak baztertuz pertsona erdigunean jartzen du; pertsona goratu, salbatu, duintasun gorenera eraman nahi du, bereziki txikia bada, baztertua bada, bekataria bada…

Eta Aitaren izaera hori Jesusi kutsatu egiten zaio, itsatsi egiten zaio, Aitagandik zintzilikaturik bizi delako, bere bizia Aitaren nahia egitea delako. Jesusen bihotza Aitarena delako.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.