HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 27
Aldi hartan, Jesusek, bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste itsasertzera igarotzeko agindu zuen. Orduan, lege-maisu bat hurreratu zitzaion, esanez: «Maisu, noranahi jarraituko dizut» Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri» Beste batek, ikasleetakoa zenak, esan zion: «Jauna, uztazu lehenik nire aitari lur ematera joaten» Jesusek erantzun zion: «Zuk jarraitu niri, eta utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen».
Mateo 8, 18-22.
Jesusengandik gertu izateko haren jarraitzaileak iparrorratza norabide berdinean jarri behar du. Maisuaren begirada eta begirune berbera izatea eskatzen du; askatasunaren erroetan, pertsona, toki edo bizipenen menpetik aldenduta.
Lehenengo gunea “etxea” da, babesleku, zihurtasun erdigune, eta bigarrena aita-amaren aipamena, norberaren sustraiak, ohiturak, nor izateko aukera eta norekin egin giza loturak.
Ebanjelioak topaketa bi, ikasle bi, ezagutzera ematen ditu, irakurketa zabala egiteko: ikasle biak Jesusekin liluratuta aurkitzen dira, baina bakoitzak zalantza indartsua sentitzen du bere baitan, jarraitzaile izateko oztopo bihurtzen dena.
Judu idazlariak onartuko ote du Jesusen ondoan hara eta hona bizi izateko egitasmoa, berarentzat finkotasunak ematen duen indarrik eza?
Bigarrenak, Jesusen taldea gogoko duenak, utziko ote ditu ikasitako ohiturak, familiaren goxotasuna eta babesa, biziaren indarrari jarraitzeko?
Bizipen eta galdera hauek gugana bueltatzen dira bumeran antzeko norabidearekin.
Jesusek harago joateko gonbidapena luzatzen digu: ditugun loturak baino harago, edo txikitatik ontzat eman ditugun aukerak baino harago. Barreneko bihozberatasunaren askabidea da lehenengo oparia. Nola ikasi askatasun aberats neurri honetan bizi izaten, zihurtasunaren egarriaren jabe garen gizakiok?
Jesusengandik lortzen dugun maitasunean konfiantza jartzen ikasten dugun neurrian bizipen berriak sortzen joango dira…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.