HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 25

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten. Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra urean busti eta niri mihia freskatzera, oinaze gorrian bainago sugar hauetan”. Baina Abrahamek erantzun zion:“Seme, oroit zaitez zuk zorion franko izan zenuela bizitzan, Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hark atsegina aurkitu du, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana ere”. Aberatsak berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaietela”. Hark berriro: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balitzaie, bihotz-berrituko lirateke”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat piztuta ere”».

Lukas 16, 19-31.

Zeinen ondo datorkigun eguneko ebanjelioaren hasiera egokiago kokatzeko eta arreta zuzentzeko. Paregabeko laguntza da barneko gure begirada bideratzeko. Gaurkoan, Jesus eta fariseuak. Agian, Jesus eta geu, edota Jesus eta neu izan naiteke, hark uzten digun edota kontatzen digun adibidera zabaltzen bagara. Lehen aipamen bat: gizon aberatsaren izena ez da agertzen; eskalearena, berriz, bai: Lazaro. Horrek berak, jada, zerbait adierazi dezake. Esaerak dioen bezala, gainera, Jesusek ere “ez du puntadarik ematen haririk gabe”. Zergatik ote? Zer esaten dit horrek? Eta, bigarren aipamena: kontakizunaren hari guztiari jarraituz, nahiko garbi uzten digu zintzotasuna, egian bizitzea, koherentziaz jokatzea edota saiatzea, behintzat, ez dela bat-bateko kontua, edota ezin dela inprobisatu, prozesu baten emaitza dela. Gainera, adierazten digu, begiratu eta ikusi nahi badugu, gure egunerokotasunean, historian, inguruan erreferentzi bikainak aurki ditzakegula. Norberaren esku horretaz jabetzea. Non janaritzen naiz: ikusgarritasunean edota pausoz pauso eraikitzera naraman harkaitz sendoan?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.