HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten. Deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, ez baitzara aurrerantzean nire etxezain izango”. Etxezainak, orduan, bere baitan zioen: “Zer egin behar dut nik orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nautelarik etxean nork hartu izan dezadan”. Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”. Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; idatzi laurogei”. Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhur jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino. Beraz, hau diotsuet Nik ere: “Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaz; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaituzte Jainkoak. Gauza txikietan fidagarri dena, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabe dena, handietan ere zuzengabe. Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena? Ezin da morroi bat bi nagusiren zerbitzari izan. Izan ere, bata gorroto izango du, eta bestea maite; edota bati leial izango zaio, eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi”».

Lukas 16, 1-13.

Atzoko Erailearen parabolan bezala, gaurko honetan ere, bi momentu bereiztu behar ditugu: parabola eta haren ondoko azalpena. Parabolaren mezua gizakiok bizi dugun funtsezko gabeziaren eta pobreziaren kontzientzia hartzeko deia da. Jesusek Erregetzaren mezua iragartzen zuenean, ez zuen bere garaikide gehienen onarpena eta bihotz-berritzea lortzen. Garaikide horiek ez zuten Jesusen iragarpenaren behin-betikotasuna ulertzen. Parabolako etxezain ustelak, ordea, oso ondo ulertzen du zein egoeratan aurkitzen den, baita horrek bere buruarentzat duen arriskua ere. Ondorioz, bere burua salbatzeko egin beharreko guztia egiteko prest dago. Irakaspen argia da: gizakiok munduan dugun gure benetako egoera, heriotzara emana dena, kontzientzia osoz, erabat argi, ulertuko bagenu, Jainkoaren Erregetza bilatuko genuke determinazio osoz. Desio eta jarrera hori da Jesusek etxezainarengan goraipatzen duena (ez, ordea, ustela izateko maltzurkeria). Etxezaina argi ikusten duen gizakia da, bere garaikideak, ordea, itsu daude; eta guk itsutasunetik askatuak izateko eskatu behar dugu.

Bestalde, parabolaren azalpenak beste norabide ematen dio aurrekoari. Kasu honetan, gaia dirua da. Diruak ezin gaitu bizi dugun giza-izaeraren gabezitik atera, baina gizakiok konfidantza horretan bizi gara, eta horrek, jakina, itsutzen gaitu. Itsu gaude, eta diruak guretzat duen erakargarritasuna eta sortzen digun itsutasuna hain dira handiak ezen “jainko” bihurtzen baitugu. Adierazgarria da, benetan, Ebanjelioan “anti-jainko” bat agertzen denean, hori dirua izatea. Jakina, dirua berez ez da txarra, baina bide bat (ez xede bat) dela argi izan behar dugu. Dirua Erreinua eraikitzeko bide handia izan daiteke, beharren eta behar dutenen zerbitzura jartzen dugunean. Haren bidez, gu ere Jainkoak gizateriari ematen dizkion dohaien banaketan partaide eta kolaboratzaile bihur gaitezke, honela gure burua Jainkoaren irudira eta antzera eraikitzen joan gaitezen. 

Kristoren aurrean, berarekiko solasean, meditatu diruarekin duzun harremanari buruz.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.