HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 21
Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarraitu niri». Mateok zutitu eta jarraitu zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Mateoren etxean; beste zergalari eta bekatari asko ere etorri eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta honen ikasleekin. Fariseuek, hori ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zuen Maisuak zergalariekin eta bekatariekin?». Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek sendagile beharra, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».
Mateo 9, 9-13.
Gaurko pasarteak ondo erakusten du atzoko ebanjelioan ere Jesusen jarraitzailea izateko agertzen zen irizpidea; hau da: Hitzaren entzumena; edo kasu honen arabera, entzuteko nahia. Gizartean gizon-emakume zintzoek gutxiesten zituzten pekatariak dira Jesusekin mahaian esertzen direnak, Jesusen hitzak entzuteko nahia dutenak, alegia. Hauen aldera, Jesus ministeriotik erretiratzera etorritako familia (ik. Mk 3,20-21) eta Jesusi entzun beharrean epaitu nahiago zuten fariseu erlijioso eta zintzoak daude. Jainkoaren Erregetzara iristeko bidea ez da familiarekiko edo taldearekiko leialtasuna; ezta gure sinesteen araberako epaiketek sortutako jende motaren sailkapenak ere. Errukitasuna, denekiko errukitasuna, bereziki mota guztietako “gaixoekiko” errukitasuna, da bidea. Jesusen irakaspena benetan ederra da, benetazako giza biziera bikaina bideratzen erakusten diguna; horregatik, merezi du harekin mahaian esertzea eta hari entzutea.
Jesusen aurrean, berarekiko solasean, eskaiozu bere hitza entzuteko gogoa zuri emateko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.