HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 24

Aldi hartan, Jesusek egiten zituenengatik txundituta zeuden guztiak. Hark esan zien ikasleei: «Hartu ongi gogoan hitzok: “Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute”». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; ilun gertatzen zitzaien, eta ez ziren esanahiaz jabetzen; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien.

Lukas 9, 43b-45.

Jainkoaren nahia onartzea, Jainkoari gure bizitzaren gidari izaten uztea, benetan zaila da. Atzoko ebanjelioan arazo hau Jesusen garaikideek Mesiasi buruz zituzten ideien eta sinisteen inguruan agertzen bazen, gaurkoan, arazoa ikasleengan antzeman dezakegu. Ilun gertatzen omen zitzaizkien Jesusen hitzak, eta ez omen zituzten ulertzen; somatu bai, baina onartzeko prest ez zeudenak; horregatik galdetzeko ere erakusten zuten beldurra. Etortzeko zegoenaren susmoa ez zuten gogoko, eta Jainkoak jarritako ibilbidea baino, beste bat nahiago izango zuketen.  Jainkoarengan fede eta konfidantza handia behar dugu, Haren bideak ikusteko eta onartzeko prest izateko. Fedea batetik, baina aszesia bestetik, nork bere espektatibak erlatibizatzeko prest ere agertu behar baitu. Jainkoarenganako fedea eta konfidantza faltak itsutasunak, ulermen-falta interesatuak, beldurrak… sortzen ditu; bizitza espirituala ito dezaketen arriskuak dira, eta Jainkoari haien aurkako babesa eskatu beharrean gaude.

Kristoren aurrean, berarekiko solasean, hausnartu zein diren zure beldurrak, eta zure ulermen-falta interesatuak; eska iezaiozu zure itsutasunak ager diezaizkizun… baita haren guztiaren aurkako laguntza eta babesa ere.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.