Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Urriak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, semeak ogia eskatuta, harria emango ote dio? Edota, arraina eskatuta, sugea emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei!»

Urriak 4

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak bidez zihoazela, batek hau esan zion: «Noranahi jarraituko dizut». Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri». Beste bati esan zion: «Jarraitu niri». Baina hark, «Jauna, uztazu lehenik neure aitari lur ematera joaten» erantzun zion. Jesusek, «Utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen; zu zoaz Jainkoaren erreinua hots egitera» erantzun zion. Beste batek, berriz, honela esan zion: «Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu lehenik etxekoei agur egiten». Jesusek, «Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da Jainkoaren erreinurako gai» erantzun zion.

Urriak 3

Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek hau esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzan?» Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren.

Urriak 2

Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta zera galdetu zioten: «Nor da handiena zeruetako erreinuan?» Jesusek, haurtxo bati deitu, haien artean jarri eta hau esan zien: «Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan. Beraz, bere burua haur honen antzera apaltzen duena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena. Eta honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau. Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxietsi! Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe».

Urriak 1

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek bi seme zituen, eta batarengana joan eta esan zion: “Seme, zoaz gaur mahastira, lanera”. Hark erantzun: “Ez dut nahi”. Baina gero damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Bietan zeinek egin zuen aitaren nahia?». «Lehenengoak», erantzun zioten. Orduan, Jesusek esan zien: «Egiaz diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea hots eginez, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek…

Irailak 30

Aldi hartan, Jesusek egiten zituenengatik txundituta zeuden guztiak. Hark esan zien ikasleei: «Hartu ongi gogoan hitzok: “Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute”». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; ilun gertatzen zitzaien, eta ez ziren esanahiaz jabetzen; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien.

Irailak 29

Aldi hartan, Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?». Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zinela, ikusi zintudan». Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu». Eta esan zion, gainera: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gain».

Irailak 28

Aldi hartan, jakin zuen Herodes agintariak gertatzen ari zen guztia, eta zer pentsatu ez zekiela zegoen. Batzuek Joan Bataiatzailea hilen artetik piztu zela zioten; beste batzuek Elias profeta agertu zela; beste zenbaitek, berriz, antzinako profetaren bat piztu zela. Herodesek, ordea, honela zioen: «Joani neuk moztu nion lepoa. Nor da, beraz, hau, horrelakoak entzuten baititut honi buruz?». Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen.

Irailak 27

Aldi hartan, Jesusek, Hamabiak beregana bildurik, deabru guztiak botatzeko ahalmena eta gaitzak sendatzeko indarra eman zien. Eta Jainkoaren erreinua hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen, esanez: «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, ezta aldatzeko soinekorik ere. Etxe batean sartzen zaretela, gelditu han herri hartatik atera arte. Eta onartzen ez bazaituztete, herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa, haien kontrako seinaletzat». Atera ziren, bada, eta herriz herri joan ziren, Berri Ona hots eginez eta alde guztietan gaixoak sendatuz.

Irailak 26

Aldi hartan, ama eta anai-arrebak joan zitzaizkion Jesusi, baina jendearen jendeaz ezin iritsi ziren beragana. Eta jakinarazi zioten Jesusi: «Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian». Jesusek erantzun zien: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak».