Zer daki Ingalaterraz, Ingalaterra baino ezagutzen ez duenak? Gazteak, kultura eta gizarte sekularra

2024 Mar 18

Zer ote daki (benetan) Ingalaterraz, Ingalaterra baino ezagutzen ez duenak? (“What do they know of England, who only England know?”)

Horixe galdetzen ei zuen Rudyard Kipling zenak, adierazi nahiz ezen asmo aski zaila dela fenomeno baten barrenak ondo ezagutzea, pareko, antzeko edo kontrako beste ezerekin alderatzerik ez badugu.

Paradoxa hauxe hamaika auzitan gauzatzen da, baina gaurkoan, ekar dezagun hizpidera esparru mediatikoan gehiegitxo jorratzen ez den kontu bat: Europa mendebaldeko gizarteetako sekularizazioak gazteen mundu ikuskeran eta bizipenetan dituen efektu ez sobera aztertuak. Bada, irakurlearen onberatasuna irabazteko asmoz, jo ditzagun gaztetzat, demagun, 35-40 urtetik beherakoak, alegia 1985-1990z geroztik jaioak.

Izan ere, erlijioari eta bere gauzapen edo manifestazio sozialei dagokienez, belaunaldi kohorte horietako kideok gure aitona-amonen errealitatearekiko guztiz bestelakoa bizi izan dugu. Kontu jakina da Hego Euskal Herria historikoki Espainia txit katolikoaren barneko eskualderik katolikoenetarikoa izatetik, sekularizatuena izatera igaro dela. Are, esan daiteke bertan aurki daitezkela, orobat, fenomeno erlijiosarekiko jarrerarik oldarkorrenak, iritzi publikoari (eta batez ere publikatuari) erreparatzen badiogu behintzat.

Hortaz, gaur egun Durangon, Tafallan, Legazpin edo Oionen bizi diren gazteen mordoxka handi bat ez dago jaiotzez bataiatua ere, are gutxiago lehen jaunartzea edo sendotza egina, eta zenbakitan are urriagoak izango dira igandero-edo mezatara joaten direnak, azken hau izanik, hain zuzen, nazioartean erlijiotasun “aktiboa” neurtzeko sarrien erabiltzen den aldagaietako bat.

Zer ondorio ditu honek? Aletu ditzagun gutxi batzuk bakarrik, irakurlearen pazientzia gehiegi ez zigortzeko eta hurrengo batean, akaso, beste batzuk hizpidera ekarri ahal izateko esperantzetan.

Lehenik, har dezagun denboraren iraganaren auzia, edo hobe, kadentzia horren pertzeptzioa. Askok dakigu iPhone-aren bertsio bakoitza zenbatero kaleratzen den, edo Black Friday-ren edo Black Monday-ren aldiro-aldiroko itzulera, 365 egunen bueltan. Aitzitik, Santa Marina, San Bartolome, Santa Ageda … eta abar? Tokian tokiko herrian, bertako santu direnean, izango dira ezagunak akaso gazteentzako ere, baina bestela? 2000 inguruan jaiotakoen zer ehunekok, esaterako, lotuko ote luke San Martin hori animalia jakin batekin?

Afera honek emaitza aski xelebreren bat ere sortarazten du, ezen, jakina, “Sebastian bat bada zeruan” entzundakoan Sebastian arraio hori nor den jakin ezean (ezta hurrik eman ere, dedio), bururatu dakiguke día de San Sebastián hori euskaraz xalo-xalo Donostia eguna” bataiatu nahi izatea.

Bigarrenik, eta ondorio hau ezagunxea da, erlijioa bezalako mundu-ikuskera eta munduaren azalpen batek, berau tendentzialki orohartzailea eta oroesplikatzailea izaki, hutsune galanta uzten du atzean, desagertuz gero. Badugu hautagai franko ziztuan salto dagitenak zulo espiritual hori betetzera – nazionalismoa, dirua, kontsumoa, gorputzaren eta itxuraren zaintza muturrekoa, kirola, eta abar – baina, jakina, sasi-ordezko hauek ere badituzte – fedeak beti berezko izan(go) dituen bezala, bestalde – beren eragozpen eta txakalaldiak, maiz sufrikario arrasto nabarmena uzten dutenak gizakiongan. Ez da zaila, orobat, jainko berri horietara konbertituetakoen baitan fenomeno sasi-erlijiosoak topatzea: hala nola, konbertsoaren fedea, dogmatismoa, bat-bateko fede-galtzeak, santujalekeria eta beste.

Hirugarrenik, hizkuntzaren esparruan, bada halaber gertakari bat, akademiko mokofin jarriz gero sekularizazio semantikoa edo hiztegiaren sekularizazioa izendatu dezakeguna. Izan ere, akaso gutariko batzuei azaldu behar digute sakramentuak ez direla (soilik) babarrunen laguntzaileak; kanonizazioa ez dela (bakarrik) Nobel sariak literaturgile ospetsuekin egiten duena; epifania ez dela (beti) zientzialari laborategizulo batek aurkikuntza argigarri bat egitea; edo, azkenik, adibide segidarekin ez nazkatzeko, predikuak ez duela zertan izan hautagai politiko baten erretolika temosoa izendatzeko zirtoa.

Bego, bada, oraingoz behintzat, gerorren predikutxo hau. Sekularizazio kulturalaren ondorio  hauei gaurkoan aurreneko errepasotxoa emanda, beharbada hurrengo batean heldu ahalko diegu, perspektiba honexetatik beretik, gizakion bihotz-buruetan are minberagoak diren auzi batzuei, hala nola heriotzari eta heriotzosteari buruzko aldaketei, bikote-bizitzaren eraldaketei, familiaren osasun mudagarri baino tinkoari edo, are, zahartzaroaren dimentsio sozialari.

Kontu jakina da iragana idealizatzea arrisku tentagarria izan ohi dela (orainzale adanista porrokatua izatea bezainbeste edo), baina gorde dezagun, gogoan aztarrika, tentuz baina erabakimen osoz pausatu nahi dugun galdera: zer dakigu benetan, bada, gazteok, gizarte sekularraren bertute eta ajeei buruz, horixe baino ezagutu ez dugunean?

Zer dakigu zinez Ingalaterraz, gure betaurrekoek beste lurrik sekula hauteman ez dutenean?

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude