San Martin garaiko txerria

2023 Aza 9

Gure baserriak nahiko autarkikoak izan dira, besteak beste, elikaduran. Janarietako bat txerrikia izan da. Urtean zehar txerri bat hazi eta loditu egiten zen eta azaroko San Martinetaraz gero hil, urte barruan jaten joateko, odolosteekin hasi eta azkenengo urdairano. Txerriaren gantz urtuaren koipea, garrantzitsua izan da, bai lukainkak koipetan kontserbatzeko zein sukaldaritzan orio ordez erabiltzeko. Esaerak dioskunez “txerrikia dena aprobetxatzen da”. Txerri izena dela-eta, zera esango dugu: latin arrunteko “cirra= ule latza” hitzetik  datoz gaztelerazko “cerda/o” eta euskerazko “zerri>xerri>txerri” hipokoristikoak. Baina txerriaren euskal izen zaharra “urde” da lur barruan eta “izurde” itsasoan. Zer gertatu den bizitzaren joanean? Ba, aiko. Urdea basoratu denez, basoak eman dio izen berria eta hortik gure “baso urde >basurde”. Baina kuriosoa da hizkuntzaren jokoa. Basurdeak ez dauka urdairik eta txerriak bai, baina txerriki zuri hori adierazteko “urde”-tik hartu du “ urdai ” izena. Txerri-hiltzea, auzo-lanean egiten zen, gaur bataren etxean, bihar bestearenean, partekatze ohitura ederrean. Egun aparta izaten zen. Goizean goizetik barausi barauskarri eta paittarrarekin. Txerria gobernatu eta gainontzeko lanak amaitu orduan, morroilada edo txerriboda pozgarria egiten zen. Esaerak ere hauxe dio: “Txerria hiltzen den astea eta ezkontzako lehenengo urtea, onenak”.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude