HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 16

Asteko lehen-egunean, ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, juduen beldurrez. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Ikasleak pozez bete ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak Ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet Nik zuek». Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die». Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Gainerako ikasleek esan zioten: «Jauna ikusi dugu». Tomasek erantzun zien: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren iltzezuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dut sinetsiko». Handik zortzi egunera, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere haiekin zen. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Gero esan zion Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik». Tomasek erantzun zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak». Beste ezaugarri asko ere egin zuen Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak; hauek idatzi dira sinets dezazuen Mesias eta Jainkoaren Semea dela Jesus eta, sinetsiz, haren izenean bizia izan dezazuen.

Joan 20, 19-31.

Ez dirudi hainbeste mendetan elkarrekin bizitzen egon ondoren, herrien arteko harremanek eskatzen duten errespetuan asko aurreratu dugunik. Une ilun eta aztoratuak bizi ditugu, borrokak eta liskarrak non nahi ikusten dira eta dauden gerren konponbideak gero eta urrutiago daudela esan daiteke. Non gelditzen da Jesusek esandako “Bakea zuei”? Ebanjelio pasarte honetan deskribatzen diren bi agerkundetan, hiru aldiz batzen du Joanek “Bakea zuei”. Agur mezu bezala esaten badie ere dizipuluei, gehiago ere bada, hitz horiek esanda Jesus dela ezagutzen baitute.

Jesusek transmititzen dien bakea erabatekoa eta transformatzailea da, munduko bakea da eta, batez ere, bakoitzak barruan eraman behar duen barne-bakea. Kanpora azaleratzen eta zabaltzen den bakea, itxaropena, konfiantza eta adiskidetasun giroak sortzen dituena. Maisuak berak agertu eta, ezagutzen ez zutelako, gaitzespenik gabe transmititzen dien bakea.

Bazko garaian, Jesus berpiztu zelako bereziki poza sentitzen dugu, baina ez dugu horretan soilik gelditu behar.  Bere bakea eta Espiritu Santuak igortzen dizkigun adiskidetze dohainak erabatekoak dira eta beti gurekin daude. Horiek indarrez zabaltzea eta partekatzea dagokigu, baina saiatzeko eta ahalegintzeko, zenbaiteraino gaude prest?

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude