HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 26

Aldi hartan, Lazaro izeneko gizon bat gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrikoa (Maria hau –gaixo zegoen Lazaroren arreba– Jesus ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). Lazaroren bi arrebek albiste hau bidali zioten Jesusi: «Jauna, zure adiskidea gaixorik dago». Jesusek, hori aditzean, esan zuen: «Gaitz hau ez da hiltzeko gaitza, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, gaitz honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin». Jesusek oso adiskide zituen Marta, honen ahizpa eta Lazaro. Hau gaixorik zegoela jakinda ere, zegoen lekuan gelditu zen Jesus beste bi egunez. Ondoren, esan zien ikasleei: «Goazen berriz ere Judeara». Ikasleek esan zioten: «Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara joan behar duzula berriro?». Jesusek erantzun zien: «Ez al ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; gauez dabilenak, ordea, estropezu egiten du, ez baitu argirik». Eta jarraitu zuen: «Lazaro gure adiskidea lo dago; baina banoa esnatzera». Ikasleek esan zioten: «Jauna, lo badago, sendatuko da» (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori; baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten). Orduan, Jesusek garbi esan zien: «Lazaro hil egin da eta pozten naiz han ez izanaz, zuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikia zeritzanak, esan zien ikaskideei: «Goazen geu ere, berarekin hiltzera». Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeraman Lazarok hilobian. Betania hurbil dago Jerusalemdik, hiru bat kilometrora. Eta judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, anaiarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak». Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure anaia». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?». Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena». Ondoren, bere ahizpa Mariari deitzera joan zen Marta, eta esan zion isilka: «Maisua hemen da eta dei egiten dizu». Hori entzutean, berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Jesus artean herrian sartu gabe zegoen, Martak aurkitu zuen lekuan bertan. Etxean Mariari nahigabean laguntzen zeuden juduek, hura bat-batean jaiki eta irten zela ikustean, jarraitu egin zioten, negar egitera hilobira zihoalakoan. Mariak, Jesus zegoen tokira iristean, ikusi zueneko, oinetara ahuspez erori eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko». Maria eta harekin etorritako juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion Jesusi eta, zeharo hunkiturik, galdetu zuen: «Non ipini duzue?». Erantzun zioten: «Jauna, zatoz eta ikus».

Jesusek negarrari eman zion. Han zeuden juduek esan zuten: «Begira zein maitea zuen!». Baina haietako batzuek esan zuten: «Itsuari begiak ireki zizkion honek, ez al zezakeen hau hiltzea galarazi?». Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Haitzuloa zen, harlauzaz estalia. Jesusek esan zuen: «Ken harlauza!». Hildakoaren arreba Martak esan zion: «Jauna, kiratsa botako du, lau egun baditu eta». Jesusek erantzun zion: «Ez al dizut esan, sinesten baduzu, Jainkoaren aintza ikusiko duzula?». Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Aita, eskerrak zuri, entzun didazulako. Nik badakit beti entzuten didazula; baina inguruan dudan jendeagatik diot, Zuk bidali nauzula sinets dezaten». Hau esanda, oihu egin zuen ozenki: «Lazaro, zatoz kanpora!». Eta hildakoa atera egin zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapiz estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten». Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek egina ikustean, harengan sinetsi zuen.

Joan 11, 1-45.

“Hemen izan bazina, anaia ez zen hilko”, esan zioten Martak eta Mariak Jesusi. Eta modu askotara, guk ere sarritan esaten dugu gauza bera: “Non zegoen Jainkoa, ez du‑eta hondamendi hau galarazi”. Jainkoari gure arazoak konpontzeko eskatu ohi diogu eta, egiten ez duenean, gure fedeak dardara egiten du.

Gaurko pasartean Jesusek galdera horiek erantzuteko bidea ematen digu. Egoerarik beltzenean ere Jainkoa bertan dela esan dezakegu. Jainkoak partekatzea eragiten du miseriaren erdian, bakea indarkerian, aberastasuna desberdintasunean eta elkartasuna norberekoikeria nagusi denean. Hori, ordea, ez du gu gabe egiten. Gure laguntza behar du. Aita izateko guk neba‑arrebatzat jokatzea behar du.

Lazaroren pasarte honetan arriskuak onartzea eskatzen zaigu: sufrimendua dagoen lekura joan eta, sufritzen dutenekin batera negar eginez, Jainkoari negar horiek zorion bihurtzen laguntzea, alegia. Horrela eginez gero, guk ere Jesusen esaldi bera esan ahalko dugu, agian: “Eskerrak, Jauna, entzun didazulako”.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude