HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztu egingo da». Eta esan zien denei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizia nigatik galtzen duenak salbatu egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu?».

Lukas 9, 22-25.

Sakrifizioa egiazko giza legea dugu. Sortuak garenetik, amaren sakrifizioari esker eratzen joaten gara, eta erditzearen sakrifizioari esker jaiotzen. Gerora, hainbat pertsonaren sakrifizioari esker oparitzen zaigu bizitzako alderdi guztietan garatzeko aukera. Heriotza bera sakrifizio bat da: dugun guztia eta garen guztia eskatzen baitzaigu. Sakrifizioa galera edo irabazia dugun, horra hor gakoa. Gure izatearen garapena besteen aldeko sakrifizioa eginez aurkitzen dugunean, orduan iristen gara heldutasunera. Gure sakrifizioek adierazten dute zertan gabiltzan eta nor garen. Zuhurtasunez bizitzea bilatzen duenak sakrifizioa besterik ezin du espero bizitza honetan.

Beharrezkoa du Gizonaren Semeak nekaldia: Jesusen izateari eta misioari dagokion ezinbesteko sakrifizioa. Heriotzarainoko sakrifizioari esker ematen digu Jaunak bete-betean Jainkoa, bere haragi urratua isildu ez daitekeen bihotz-berritzeko errukizko deia egina. Bere sakrifizioari esker irabazten gaitu Jaunak Jainkoarentzat, fedez onartzen badugu. Kristauok, Pazko misterioaren argitan, Jesusen nekaldiarekin bat egitea besterik ezin dugu espero.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude