HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Jainkoaren erreinua, lurrean hazia ereiten duen gizonaren antzekoa da: gizona lo dago gauez eta jaikitzen da goizean; hazia ernetzen da eta hazten doa, eta gizonak ez daki nola. Bere-berez ematen du lurrak uzta: lehenengo lastoa, gero burua eta ondoren galburuaren beteko alea. Eta, alea prest dagoenean, igitaia eransten zaio, helduak baitaude gariak». Beste hau ere esan zien: «Zeren antzekoa dela esango dugu zeruko erreinua? Zer parabolatan adieraziko dugu? Mostaza haziaren antzekoa da: lurrean ereiten denean, hazirik txikiena da, baina jaiotzen denean, gora doa, eta barazki guztiak baino handiago egiten da; adar handiak botatzen ditu, txoriek haren itzalpean habia egin ahal izateraino». Horrelako parabola askoz hots egiten zien hitza, haiek uler ziezaioketen neurrian, eta parabolarik gabe ez zien hitz egiten; ikasleei, ordea, bakarrean, dena agertzen zien.

Markos 4, 26-34.

Gaurko bi parabolen bitartez, Jesusek honako hau helarazi edo transmititu nahi digu: guk geure aldea jartzen badugu, Jaungoikoak sekulakoak egingo ditu jarri dugun zati horrekin, gure ustez zati hori txiki-txikia eta apala izan arren. Jainkoaren Erreinua Jainkoaren eta gizakiaren arteko lankidetzaren bidez eraikitzen da. Faltsua da Erreinua eraikitzen duena gizakia bakarrik dela pentsatzea, alegia, Jainkoak ez duela bere proiektuan parte hartzen. Baina, aldi berean ere, okerra da Jainkoak gizakirik gabe Erreinua eraiki dezakeela pentsatzea, Jainkoak ezertarako behar ez gaituela sinestea. Jainkoak gurekin lankidetzan eta elkarlanean jardun nahi du bere proiektuan eta, aldi berean, bere boterean gurean baino konfiantza handiagoa izateko dei egiten digu. Probidentzian fedea izan behar dugu, ez probidentzialismoan eta ezta gure indar soiletan ere.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude