Nor naiz ni zure bizitzan? (Mk 8, 27-30)

2022 Api 15

XXI. mendearen hasierako gure Mendebalde
aberats eta aldi berean goseti honetan zehar gabiltzala
galdera hura egiten diguzunean:
“Zuen ustez, nor naiz ni?”
erraz erantzun dezakegu, esanez
hona heltzean historia aldatu zenuena zarela,
senideen arteko gizarte zuzenagoa bultzatzen duzuna zarela,
gaur ere Erreinua iragartzen duten profetak suspertzen dituzuna,
berengan bizi zarena zarela…
Areago, zalantza izpirik gabe esan dezakegu
zu Mesias zarela, Jainko biziaren Semea.

Eta gauza horiek guztiak esan ditzakegu,
haietako batzuk txikitan irakatsi zizkigutelako,
gure konfiantza dutenek esaten diguten guztia
dudarik egin gabe onartzen dugun adin horretan;
eta beste batzuk beranduago irakatsi zizkigutelako,
geure idealei buruz hitz egiten digutenei
gure konfiantza ematen diegun beste adin horretan.
Baina egia esan
erantzunak ez gaitu betetzen…
guztiz behintzat,
ez dugu benetako ebanjeliotzat sentitzen,
ez da guretzat zalantzarik gabeko berri ona.

Izan ere, gogorra egiten zaigu
zutaz esaten ditugun gauza horiek guztiak
lehen pertsonan esatea:
gure historiak zertan aldatu dituzun
zurekin zein urrats egin dugun
senidetasunezko zuzentasunerantz,
Erreinua esaten dioguna,
iragartzeko eskatzen diguzun hori
orain eta hemen zertan datzan
eta iragartzeko nola suspertzen gaituzun…
hori guztia gogoratzea eta zehaztea
gogorra egiten zaigu.

Guretzat “Mesias” eta “Jainkoaren Semea”
erabilerak higatutako formulak dira,
“egokiro” erantzuteko balio diguten lelo erosoak, alegia,
eta ihes egiten ere laguntzen digute,
beste batzuk salbatzera deituak ez sentitzeko,
azkenak eta guztien zerbitzariak
izan behar ez izateko…

Galdera hori egiten duzunean, beraz,
hain zeurea duzun irribarre hori jarri
eta zuzenean galdera egiten duzunean:
“Nor naiz ni zure bizitzan?”,
ustekabean,
harriturik,
lekuz kanpora harrapatzen gaituzu;
alde bietara begiratzen dugu,
norbaiten erantzuna aprobetxatu ahal izatekotan,
baina zuk berriz ere galdetzen duzu:
“Nor naiz ni zure bizitzan?”
eta orduan bihotza azkarrago hasten da taupaka-taupaka.

Eskerrak, Jesus,
behin eta berriro eta hainbat modu desberdinetan
gauza bera galdetzeagatik;
eskerrak, gu ulertuz eta konfiantzaz irribarre egin
eta berriz ere maitasunezko historia bat,
heriotzaren kontrako beste konplot bat proposatzeagatik.

Lagun iezaguzu gure historietan zure salbamena aurkitzen
eta gure Historian haren hazia izaten;
lagun iezaguzu gure esklabotasunetatik askatzen
eta gure inguruan askatasun iturria izaten;
eta busti gaitzazu, ingura gaitzazu zure Arnasaz,
zure Haizea gure mendebala izan dadila,
oztopo guztiak,
jartzen dizkigutenak
eta geuk eraikitzen ditugunak,
behera bota ditzala.
Eta horrela ulertu ahalko dugu zertan datzan
gure seme-alaba izatea,
Zuk esaten zenuen bezala,
adiskidetzat izango zaitugu;
eta zuk irakatsi egingo diguzu
Aita-Ama esaten zenion hori ezagutzen.