HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 9

Aldi hartan, herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen ez ote zen Joan Bataiatzailea Mesias izango. Joanek, ordea, guztiei zera adierazi zien:«Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.» Herri guztia bataiatzen ari zen batean, Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean ari zela, zerua zabaldu eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-irudian. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea; Zu zaitut atsegin.»

Lukas 3, 15-16.21-22.

Joanek badaki ondo zein den bere lekua. Badaki duen guztia berari emana zaiola. Iturria beste bat dela. Eta iturri horrek bestelako ura duela, ahalmenez, Espiritu Santuaz beteriko ura. Eta Hark Espiritu Santuaz bataiatuak Berak duen Espiritu bera izango du, Espiritu biziemailea, Jainko Aitak emandako Espiritua.

Badago, bai, aldea, eta Joan horren jakitun da. Horregatik bere egitekoa, egiteko aparta, Bizi-iturri horri bide ematea da. Eta hori bideratzean gertatzen da miraria: ezkutuan zegoena ageriko bihurtzen da urezko bataio soila, Jainkoz beteriko bataio gertatzen da.

Bataioak Jesusi bere izatea dakarkio: “Zu zara nire Semea, nire maitea; Zu zaitut atsegin”. Eta hemendik aurrera Jesus izate honetan oinak sendo dituela biziko da, une orotan, Jainko Aitarengan konfiantza osoa jarriz. Baita heriotzeko unean ere.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.