HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 19

Aldi hartan, Jesus, Jerusalemera hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik, eta esan zuen: «Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara hori ikusteko gauza. Etorriko zaizu, bai, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; txikitu egingo zaituztete zu eta zure bizilagunak; eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».

Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”». Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik.

Lukas 19, 41-44.

Gaurko Ebanjelioan Jesusek egiten duen iragarpena Jerusalemen erromatarrek K.o. 70. urtean eragin zuten suntsipenari dagokio. Suntsipen hura proiektu politiko nazionalista, itxi eta baztertzaile bat indarrez ezartzen saiatzearen ondorio izan zen. Larriena da proiektu horrek erlijioan aurkitu zuela bere justifikazioa. Mugimendu mesianiko itxi, baztertzaile eta inposatzaile bat zen, boterea eta indarra zituena bere tresna nagusi. Hamarkada batzuk lehenago, ordea, Jainkoak, Jesusen bidez, grazian eta beste balio batzuetan oinarritutako Erreinua iragarri zuen: apaltasuna, txikitasuna, pobretasuna, errukia eta maitasuna. Garaiko Israelek iragarpen horri bidea ireki, eta boterearen eta indarkeriaren logika aldatu izan balu, gauzak, zalantzarik gabe, oso bestelakoak izango ziratekeen.

Jesus Jainkoaren alternatiba zen, erlijioaren esparrua bera ere hartzen duen eta hondamendira daraman munduko botere-dinamikaren aurrean. Gizadiaren historian etengabe errepikatzen den zerbait da: geure erabakien bidez,  geuk eragiten ditugu askotan geure hondamendiak. Jainkoak aske eta arduratsu sortu gaitu historiaren eraikuntzan partaide izateko. Jesusek —eta, harengan, Jainkoak berak ere— negar egiten du gertatzear dagoenagatik, baina erantzukizuna geurea da. Hala ere, badago itxaropenerako tarterik: Jainkoaren negar horrek, haren errukiaren adierazpena denez, iragartzen digu, gertatuak gertatu, ez gaituela abandonatuko, eta gure ondoan jarraituko duela. Madarikazioaren dinamika baten ordez, salbazioaren dinamika bat etor daiteke, baldin eta Jainkoari bihotza irekitzeko prest bagaude.

Gure munduan gauzak oso ongi ez doaz, eta gaurko Ebanjelioak gonbidapen bikoitza egiten digu. Lehenik eta behin, Jesusen negarrean agertzen den Jainkoaren errukia kontenplatzera gonbidatzen gaitu, hori baita gure itxaropenaren iturria. Bigarrenik, kristauoi gogorarazten digu gure ardura dela gure mundua suntsitzen duten indarkeriaren eta boterearen logikak salatzea eta, aldi berean, gizartearen eraikuntzan Jainkoaren Erreinuaren balioek ordezkatzen duten alternatiba eskaintzea eta sustatzea.

Jesusen aurrean, gaurko kontakizuna kontenplatu eta berarekiko elkarrizketan erantzun: Kristau bezala, zertara egiten dit dei gaurko kontakizunak? Nola bidera dezaket naizenetik eta nire egunerokotasunetik?

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.