HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 18

Aldi hartan, Jesusek parabola bat kontatu zion jendeari, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erreinua une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: «Handiki bat urrutiko lurralde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzeko. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta ontzako urre bana eman zien, esanez: “Saiatu etekina ateratzen, ni itzuli bitartean”. Baina herritarrek gorroto zuten eta mandatariak bidali zituzten ondotik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”. Errege-izendapena harturik itzuli zenean, deiarazi zituen dirua banatu zien morroiak, bakoitzak zer irabazi zuen jakiteko. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hiriren agintea”. Joan zen gero bigarrena eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. Honi ere nagusiak esan zion: “Hartzazu bost hiriren agintea”. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa zapian bildua eduki dut. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. Nagusiak, orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizela, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. Nolatan ez duk, bada, nire dirua bankuan jarri? Horrela, itzultzean,bere interesekin jasoko nian”.

Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”». Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik.

Lukas 19, 11-28.

Gaurko ebanjelioak Jainkoaren deiaren aurrean gizakiak duen erantzukizuna azken epaiketaren ikuspegitik kokatzen du. Kontakizunak jatorri desberdineko bi parabola biltzen ditu. Lehenengoa bere herriak errege izatea nahi ez duen errege baten izendapenari doakio. Jesusen historiaren testuinguruan, bere herriaren aldetik (herriaren zati handi baten aldetik, behintzat) jasotako arbuioa, eta, Lukasen ikuspegitik, arbuio horrek herri harentzat izan zituen ondorioak adierazten ditu. Ondorio horiek sortuko duten hondamendia biharko ebanjelioan argiago geldituko dira. Bigarren parabola, berriz, bidaia bati ekin aurretik jaun batek bere mendekoei kudeatzeko uzten dizkien ondasunei buruzkoa da.

Bi istorio horien elkartzeak Jainkoaren gonbidapenari erantzuteko lau eredu eskaintzen dizkigu. Alde batetik, beren jaunagandik jasotako ondasunak errentagarri bihurtzen dituzten morroiak ditugu. Ohiko interpretazioak ondasun horiek Jainkoarengandik jaso ditugun gaitasunak direla ulertu da, eta ulerkera egokitzat eman dezakegu. Gaitasun horiek Jainkoaren borondatearen arabera eta haren zerbitzura erabiltzera deituak gaude, honela haren Erreinuaren eraikuntzan partaide izateko. Nabarmentzekoa da errentagarri bihurtzeko jasotzen denaren eta zeregin hori onartu izanagatik azkenean jasotzen den sariaren arteko desproportzioa. Ontzak, hasieran, hiri osoen gobernua, azkenean. Jainkoak bere zerbitzari izatea onartzen dutenei eskaintzen dien ordaina egindako lanaren oso gainetik dago, eta benetan oparoa da.

Bestalde, errege jauna arbuiatzen dutenak eta jasotako ondasunak errentagarri bihurtzen ez dituztenak ditugu. Bi talde horiek gaitzetsiak dira, baina gaitzespenaren zentzua ulertzeko, komeni da horren atzean dauden jarrerak kontuan hartzea. Lehenengo kasuan, errege gisa onartu nahi ez duten erregearen aurkako nahitako arbuio kontziente eta borrokalaria da. Jainkoa kontzienteki eta borondate osoz baztertzen dutenak dira. Bigarren kasuan, Jainkoarengandik jasotako dohainak fruiturik ematen uzten ez dituztenak aurkitzen ditugu. Bi kasuetan, erantzuna ez da ezjakintasunaren edo ezintasunaren ondorioa, nahitako erabaki kontziente baten ondorioa baizik. Bereziki argi ikusten da zerbitzariaren kasuan: Jauna nolakoa den eta zer espero duen harengandik jakin arren, enkargua ez egitea erabakiko du. Ondorioz, bere kontzientziak kondenatua izan dela pentsa dezakegu.

Bi kasuetan, beraz, askatasunez hartutako eta kontzienteki mantendutako jarrerei lotuta dago gaitzespena. Ez zaigu atsegin ebanjelioa irakurtzean gaitzespenaz hitz egitea, baina horrek gogorarazten digu Jainkoak serio hartzen duela gure askatasuna, eta gure aukeren erantzule garela. Horrela, sorkuntzako izaki guztien artean Jainkoarengandik duintasun berezia jaso izan dugu gizakiok. Jainkoak Berarekin maitasunean bizitzera deitzen gaitu, baina ez digu gonbidapena inposatzen: gure esku uzten du hura onartzea ala baztertzea.

Jesusen aurrean, gaurko kontakizuna kontenplatu eta berarekiko elkarrizketan erantzun: Zein neurritaraino kontzienteki bizi duzu zure Jainkoarenganako oinarrizko aukera?

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.