HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 17
Aldi hartan, Galilea edo Tiberiadesko itsasoaz bestaldera joan zen Jesus. Jendetza handia zihoakion ondoren, ikusten baitzuten nolako ezaugarriak egiten zituen gaixoengan. Jesus, orduan, mendira igo eta han eseri zen ikasleekin. Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi: «Non erosiko dugu ogia hauei jaten emateko?» (Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien zer egin behar zuen). Felipek erantzun zion: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa izango, bakoitzak puska bat izateko». Ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion: «Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain dituen mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?». Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar ederra zen leku hartan eta denak eseri ziren. Bosten bat mila gizonezko ziren. Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza esan ondoren, eseritakoen artean banatu zituen, eta orobat arrainak ere, nahi adina. Ase zirenean, Jesusek esan zien ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin». Bildu zituzten, bada, eta hamabi saski bete zituzten bost garagar-ogietatik jan zutenek utzitako hondarrez. Jendeak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, hau zioen: «Hauxe da, benetan, mundura etortzekoa zen profeta». Jesusek, ordea, errege egiteko, indarrez eraman nahi zutela oharturik, mendira alde egin zuen berriro, berak bakarrik.
Joan 6, 1-15.

Horra hor edozein kristau komunitateren sorreraren (oinarriaren) sudokua, edozein kristau komunitateren oinarrizko logika, matematika-ariketa sotila: 5 (garagar-ogi), 2 (arrain), 5.000 (pertsona) berdin 12 (saski bete). Nola ulertu puzzle (zenbaki-zopa) hori?
Beharbada, puzzle horren logikan datza eukaristia ulertzeko eta ospatzeko gakoetako bat.
Antza, sudokua ondo egiteko, lau pauso eman behar dira. Lehenik, jendea goseak jota dagoela hautematea (Jesusen sentiberatasuna). Bigarrenik, daukagun ondasun guztia Jesusen eskuetan jartzea; eta inportanteena da “guztia”, berdin baita guzti hori asko edo gutxi izan (5 garagar-ogi eta 2 arrain, denera 7, osotasunaren sinboloa). Hirugarrenik, Jesusek ondasun urri horrekin jendearen gosea berdintzen du. Laugarrenik, ondasuna banatu eta gero geratzen diren hondakinetatik kristau komunitatea sortzen da (“12” zenbakia komunitatearen sinboloa baita).
Hori guztiz iraultzailea da –gosea desagertu da–, baina Jesus ez da sartzen gure logika iraultzailean eta, halako batean, alde egiten digu; agidanez, haren iraultza, haren logika matematikoa, bestelakoa baita.
Goseak jota dagoen mundu honetan, ondo bizitzearen kulturako auzokideok prest ote geundeke dena Jesusen eskuetan uzteko? Gehiegitxo eskatzea ez ote da?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Eskerrik asko eguneko otoitzean laguntzeagatik!!