Kristau promesa eta kristau esperantza mapa bateko koordenadak bezalakoak dira, giza historiaren lurraldeko mapan zein biografia pertsonalarenean kokatzeko koordenadak.
Nola giza historiaren geografia hala pertsonarena bereziak dira, gero! Mapa horien osagarriak –elementu geografikoak bezala–, besteak beste, gertakariak, oroitzapenak, mitoak, ametsak, lilurak eta desengainuak, maitasuna(k) eta gorrotoa(k) dira.
Nolabait, pertsona bakoitzaren bizitza lurralde ezezaguna bezalakoa da, denbora batean zeharkatu behar dena.
Edozein mapa sozial behin behinekoa da eta, bertan, pertsona bakoitza, bere bizitzan zehar, badoa identifikatzen (izena jartzen) osagarri horiek.
Maparen elementu geografikoak kokatzeko koordenadak behar dira. Koordenadak galduz gero, lekuak solte geratzen dira, loturarik gabe eta mapa (gizartearena zein pertsonarena) korapilo ulertezina da.
Kristau promesa eta kristau esperantza kristau maparen koordenadak dira, zeinen arabera kristau erromesa orientatzen baita geografia malkartsuan.
Promesak maparen iparra seinalatzen du, gertakari –elementu geografiko– guztien zerumuga, bizipen ororen hondoa; iparrarekiko erreferentzian, gertakari bakoitza non (eta nola) kokatuta dagoen seinalatzen du. Esperantzak adorea ematen du gertakari bakoitzetik pasatzeko, gertakari bakoitzari harrera egiteko eta, aldi berean, gertakari bakoitzari atxikita ez geratzeko. Esperantzaren koordenadak erromes bihurtzen du kristaua; promesak, berriz, jitoan ibiltzearen arriskua uxatuta, norantz doan markatzen du: erromesa ez da porturik gabeko naufragoa.
Erromesa ez da promesaren jabea, ezta gakoa ere; halaber, esperantza ez da kudeatzen azienda bat bezala, ez baita erromesak duen zerbait, erromesari bizitza ematen diona baizik.
Hala abendualdia nola Gabon aldia denbora pribilegiatuak dira bizitzaren mapaz ikastaro intentsiboa egiteko. Mapa bat ondo interpretatzeko irakasle egokiak eta zailduak behar ditugu. Abendualdiko eta Gabon aldiko pertsonaiak ez dira antzinako historia baten heroiak edo eredu miresgarriak, baizik eta gaurko gure mapa gorabeheratsuetako interpretatzaile trebeak, baldin eta gu ikasle onak bagara (ikasleak –bilatzaileak– irakasle –gidari– egokia aurkituko du, baldin eta prest badago). Gertakari ilun eta mehatxagarriz osatutako mapetan orientatzeko, Isaias, Zakarias, Elisabet, Maria, Jose, Magoak, Ana, Simeon, artzainak, besteak beste, oso gidari iaioak dira.
0 Comments