HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 9
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!”. Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!”. Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
Mateo 25, 1-13.

“Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Esaldi hau oso gogoan hartu beharrean gaude. Ez da esaldi hutsal bat, baizik eta gure bizia, gure izatea jasotzen duen esaldia. Fedea, harremana, maitasuna, itxaropena, bizi poza… ongi zaindu ezean, ongi hornitu ezean, itzaltzen doa. Eta nork eman olioa hori berpizteko?
“Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Ez da besteek eman diezuguketen zerbait, ez da erosi daitekeen zerbait. Zaindu beharreko zerbait baizik, adi eta kontuz indartu beharrekoa, norberak landu beharrekoa.
“Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Baina batez ere behin eta berriz eskatu beharreko zerbait da. Izan ere, olio hori ez da norberarena, eman egiten zaigu. Bai fedean, bai maitasunean badakigu asko zaindu beharreko kontua dela, baina ez dela gure lanaren fruitua baizik dohainik ematen zaiguna, merezimendurik gabekoa.
“Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Eskaera hau behin eta berriz egiaz olioa ematen digunari zuzen diezaiogun, gure kriseilua pizturik manten diezagun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments