HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 21
Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!».
Lukas 1, 39-45.
Lukasen ebanjelioan Jesusen jarraitzaile izatea, fededun izatea bidaiari izatea da, Jesusen urratsei jarraitzea. Eta Maria ez da soilik Ama; Maria batez ere Jesusen jarraitzailea da, Jesusen ikaslea, Jesusi bere bidean jarraitu diona.
Maria, fededunon edo Jesusen jarraitzaileon eredu agertzen zaigu bere ahaide Elisabet ikuskatzeko egiten duen ibilaldian. Elisabeten hitzek hori gogorarazten digute gizaldiz gizaldi: “Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako.” Maria fededunontzat argi bihurtu zaigu, bere zalantza eta beldur guztiak barnean dituela ere bere uste osoa Jainkoarengan jarri duelako.
“Zorionekoa zu” errepikatzen dugu Elisabetekin batean, eta zorionekoak gu zuri esker, Maria. Zuregan Jainkoak handiak egin bazituen, gugan ez baititu txikiagoak egin. Zuri esker!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments