HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 18
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Ni naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betiko biziko da, Eta Nik emango dudan ogia nire haragia da, mundua bizi dadin emana». Juduak eztabaidan ari ziren beren artean: «Nola eman diezaguke honek bere haragia jaten?». Jesusek esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta Nik piztuko dut azken egunean. Zeren nire haragia egiazko janari baita eta nire odola egiazko edari. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena Nigan dago eta Ni harengan. Bizia den Aitak bidali nau eta Ni Aitari esker bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena, Niri esker biziko da. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren. Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da».
Joan 6, 51-58.
Hona hemen kristologia mistagogia bihurturik: Jesukristorengan errebelatutako Jainkoaganako misteriorako sarbidea.
“Nire haragia jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du…”: sakramentu-ekintzatzat ez ezik, erredentzioa dakarten bere pertsona eta obraren misterioan sartzeko gonbita dugu.
Mana ez bezala, Jesuk eskeintzen digun ogia, behar materialak gainditu eta barne-gogoaren irrika sakonenak asetzen dituen benetako bizi-iturria da; bihotz-mamitik, Berarekiko harreman intimoan baino aurkitzen ez den oso-betezko bizitza, pleroma.
Aldi berean, Jesukristok, Askatzaileak, gizateria zapaldu eta baztertuarekiko Jainkoak duen maitasuna eta errukia erakusten dizkigu. Beraz, bere gorputzean eta odolean parte hartzeak bere justizia eta askapen misioan konprometitzea ere esan nahi du. (Jesucristo liberador. Lectura histórico-teológica de Jesús de Nazaret. Jon Sobrino)
Agintzen digun betiko bizitza ez da etorkizuneko eta espazio-denboraz haragoko errealitate batera mugatzen, orainerako ere inplikazioak dituen komunio-sakramentua dugu: betiereko bizitza hemen eta orain ere ez al da hasten Jainkoaren Erreinuaren aldeko misioan Jesurekin bat egiten dugun heinean? Bere bizitzan parte hartzea errealitatea goitik behera eraldatzen parte hartzea ere bada, justizia, elkartasuna eta grazia gainezka.
“Batek gose diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango” (ikus, entzun, Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ abestia, Joxan Artze-ren letra)
“Hire ahizpei esaien, hik, tikia,
zergatik etxean ez dagoen ogirik, esaien
ogia erosten dela, baina ez apirilik,
edo hire aitaren honra.”
EUSKAL HARRIA. Gabriel Aresti.
(Hirugarren Partea; Laugarrenez Nerea Etorkizunaren Aurrean.)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments