HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita?”. Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semeagan ager dadin. Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, emango dizuet Nik».

Joan 14, 7-14.

Zenbat aldiz entzun beharko dugu Jesusek Feliperi bota zion purrustada? “Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe?” Izan ere, berdin jarraitzen dugu: Jesus bere intimitate sakonena azaltzen ari zaigun bitartean, gu geure kezketan murgilduak, berari entzun gabe, berera jarri gabe.

Baina Jesusek ez du etsitzen ez pazientziarik galtzen, eta haren barne bizia azaltzen jarraitzen du, haren izate guztia guk ere bizitzea nahi balu bezala. Haren bizia Aitagandik datorkio, Aitarekin bat eginik bizitzetik. Eta bizi hori guretzako da, guretzat eta guregatik emana. Horregatik haren izenean eskatzen dugun guztia emango digu; izan ere, Aitaren aintza Semearen jarraitzaileek fruitu ugaria ematea baita, bihar entzungo dugun bezala.

Aitagandik datorkion bizi horretan murgildurik nahi gaitu Jesusek. Ez gaitezen despistatuta bizi.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude