HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 17

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Ni naiz bizia ematen duen ogia; nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinesten duena ez da behin ere egarri izango. Zuek, ordea, lehen ere esan dizuedanez, ez duzue sinesten, ikusi nauzuen arren. Aitak niri ematen dizkidan guztiak nigana etorriko dira, eta nigana etortzen denik ez dut kanpora botako, ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia baizik. Eta hauxe da bidali nauenaren nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere galdu, baizik eta piztu ditzadala azken egunean. Hauxe da nire Aitaren nahia: Semea ikusi eta harengan sinesten duenak izan dezala betiko bizia; eta Nik piztuko dut azken egunean».

Joan 6, 35-40.

Jesuk, bere nortasuna eta misioa bizitza ematen duen ogia bezala errebelatzen jarraitzen du. Oraingo honetan, Erreinuaren izaera inklusibo eta askatzaileaz ari zaigu, Jainkoaren hautua eta borondatea dena, “ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia baizik”

Jesuk berretsi egiten du gizakiaren behar guztiak asetzen dituen ogia dela, fisikoak zein espiritualak, bizitzaren eta betetasunaren iturri goren. Gonbidatzen gaitu gure gauzatze osoa harekin harreman intimoan aurkitzen.

Sinesgaiztasuna ere ordea bada: gure fedea eta Jesuren mezuaren ulermena oztopa ditzaketen barneko eta kanpoko oztopoak ez al ditut nik ere bizitzen? Zintzoki, zeintzuk? Zapalkuntzak eta bazterkeriak, ez al gaitu alienatzen, Jesuk eskaintzen digun betetasunaren eta bizitza oparoaren esperientziatik aldentzen?

Testuinguru honetan, Jesuk ziurtatzen digu geure izaera edo historia edozein dela ere (irakur Job 25, 4-6), ongi etorriak garela eta beren Maitasun eta Erredentzio Erresuman hartu nahi gaituela: “dejomai”. “Izan ere, guztiok hartu dugu haren betearen betetik, eta maitasuna maitasunaren gain hartu ere” (Jn 1, 16).

Inklusibotasun errotiko hau, bazterketa eta marjinalizazio egiturei aurre egiteko guretzako deia ere bada, Jainkoak gutako bakoitzarentzat nahi duen osobetezko bizitza esperimentatu ahal izango duen gizarte baten alde lan egitekoa. Azken buruan, Jainkoaren borondatearekin konprometitzeko eskatzen digu, gaurtik azken egunera arte, seme-alaba guztien salbazioaren eta betiereko bizitzaren itxaropenean.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude