HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 8

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta «Jesus» ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.

Lukas 1, 26-38.

“Poztu zaitez” bai, lehen eta orain Jaunak deitzen jarraitzen duelako… Mariari luzatu zion deia, guri ere bai. “Poztu zaitez” bai, Jauna gurekin dagoelako; Mariarekin bakarrik ez, gurekin ere bai. Pozak eta alaitasunak badituzte bere koloreak, baina gure inguruko eliza margotu beharko bagenu, zer kolore erabiliko genuke? Inguruko eliza diot, ez Erromakoa, ez jai handietakoa, baizik eta gure eguneroko eliza. Urdina omen da zoriontasuren kolorea, horia berriz alaitasunarena; Elizak berriz, Laetare Igandea ospatzen duenean arrosa erabiltzen du bere elizkizunetan.

Agian beste kolore batzuk ibiliko genituzke, kolore grisa agian?

Bihotzez elizako kolorea aldatu nahi badugu, geure bihotzeko koloreak aldatuz hasi gintezke Jainkoa guregana datorrelako Mariaren bitartez, gu bezalakoa eginez. Poztu eta alaitu gaitezen!

Agian Mariari bezala guri galderak sortzen zaizkigu: zergatik? Nola liteke hori? Jainkoa nigana hurbildu, nor naiz ni Jainkoa nigana etortzeko? Horrelako eta antzeko galderak baditugu ez gabiltza gaizki; baina oraindik erantzutea falta zaigu. “Hona hemen Jaunaren mirabea” erantzun zuen Mariak, eta orain gutako bakoitzari dagokigu erantzutea… Ausartzen al zara, zu ere, Jaunaren mirabea izatera?

Mariak egiten zuen bezala, guk ere gorde ditzagun bai galderak, bai erantzunak, gure bihotzean.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Oso ederra!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude