HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 8

Aldi hartan, hurbildu zen Jesusengana lege-maisu bat eta galdetu zion: «Zein da agindu guztietan nagusiena?». Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, berriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Ez da hauek baino agindu handiagorik». Lege-maisuak esan zion: «Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean, baita hura bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dela esatean ere». Eta Jesusek, zuhurki erantzun zuela ikusirik, esan zion: «Ez zaude urruti Jainkoaren erreinutik». Eta handik aurrera, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.

Markos 12, 28b-34.

Eskritura Santuez gain, Eliza Katolikoan Tradizioa, Aita Santuen eta gotzainen Magisteritza, Katixima, Zuzenbide Kanonikoaren Kodea, kontzilioetako dokumentuak, entziklikak, konstituzio apostolikoak eta abar ditugu. Elizan baditugu araugintza-sistema hori guztia ezagutzen duten artzainak, baina ez da erraza, ezta jakintsuenentzat ere, baso honetan inongo zalantzarik gabe mugitzea.

Gaurko Ebanjelioan, lege-maisu zintzo bat zuzentzen zaio Jesusi, Moisesen Legearen 630 agindu baino gehiagoren artean garrantzitsuena zein zen galdezka. Jesusek erantzuten du ez bat, baizik eta bi arau adieraziz: Jainkoa maitatzea eta hurkoa maitatzea. Azken hau berria da, baina lege-maisuak zoragarri erantzuten du: hain da garrantzitsua mandatu bikoitz hori, edozein erritu eta sakrifizio bigarren leku batean geratzen direla.

Jesusen bi agindu hauek txanpon beraren bi aldeak dira, ezin bat bestea gabe. Ez espiritualtasun haragigabea, ezta haragitasun desespiritualizatua. Jesusek, hurkoaz hitz egiten digunean, beste “edozein zu” buruz hitz egiten digu: behartsua eta aberatsa, hangoa eta bertakoa, nireak eta besteenak, kristaua eta ateoa… Hurkoa edonor da, adjektiborik gabe.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude