Eszeptizismoa eta Jesusi jarraitzea (Jn 1, 45-51)

2024 Mar 7

Beharbada, eszeptizismo-garaiak dira gureak.

Nork sinesten du munduko botere ekonomikoek klima aldaketaren kontrako apustu garbia egingo dutela? Nork sinesten du hauteskunde kanpainetako diskurtsoetan eta promesetan? Egiak badu tarterik indarkeriazko giza historia korapilatsu honetan? Jakina da historia garaileek idazten dutela.

Beharbada, sinesmenerako ez dira oso aproposak gure garaiak. Beharbada, promesa guztietatik bueltan gaude. Beharbada, munduko triskantzek eta bidegabekeriek –hurbilek zein urrunek– eszeptizismozko bizimodu hitsera eraman gaituzte. Postmodernismoa deitzen diote. 

Natanael eszeptiko bat da eta seguru guk beste arrazoi dituela jarrera hori izateko.

“Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?”

Nazaret lur hitsa da, jentilen Galilea, giza historia arruntaren lekua, kontraesanez beteriko lurra. Nor fidatu daiteke? Natanael ez, behinik behin. Ziur aski behin baino gehiagotan engainatua izan da. Eskarmentua du. Zein ulergarria zaigun Natanaelen jarrera! Zein postmodernoa den Natanael!.

Eszeptizismoa defentsa-jarrera da, desengainu gehiagorik izan nahi ez duenaren aukera. Konfiantza galduta dago bizitzan eta, azken batean, bere buruan: ezin daiteke ezer egin, ezin dezakegu ezer egin. Kito!

Hala ere, Natanaelen eszeptizismoa Jesusekin topo egiteko aukera ere izan daiteke. Nonbait, Natanael konturatzen da bere arbolaren gerizpean (aterpean) ikusia, onartua, konprenitua izan dela; bere ezintasun mingarriaz harago, badela nor Jesusentzat, baduela etorkizun bat.

Baina eszeptizismoa eta etsipena, nola otso gosetiak, beti zelatan egongo dira harreman hauskor horren inguruan.

Gurutzearen desesperazioari, nola egingo dio aurre Natanaelek?

Gurutzea, hain zuzen, eszeptizismoaren gailurra!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude