HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 2

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin».

Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira, seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera joan zen, eta han, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan eta beharra sentitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela betetzeko gogoak ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, bere baitara itzulirik, esan zuen: “Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Jaiki, aitagana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”. Eta jaiki eta aitagana abiatu zen. Artean urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta erruki izan zuen, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi…”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Atera berehala soinekorik ederrena eta jantz iezaiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa- otordua, nire seme hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”. Eta festa hasi zuten.

Seme zaharrena soroan zen. Etxera hurbiltzean, soinua eta dantzak sumatu zituen, eta, morroi bati deituta, zer gertatzen zen galdetu zion. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil du, semea onik bereganatu duelako”. Seme zaharrena biziki haserretu zen, eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoela, zure agindurik behin ere huts egin gabe, eta ez didazu sekula antxume bat ere eman lagun artean jateko, eta horrako zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituen hori, etorri denean, zekor gizendua hil diozu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia zeurea duzu. Baina egoki zen festa egitea eta poztea, zure anaia hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”».

Lukas 15, 1-3. 11-32.

Jesusen parabola honek, Jainkoarentzat inor ez dagoela betirako galduta adierazten digu.

Errukiaren adierazpen gorena barkamena da. Gutako askorentzat, Jainkoaren barkamena ulertzea oso zaila egiten zaigu, agian gure barkatzeko modua Jainkoarengan proiektatzen dugulako.

Jainkoaren barkamena, bekatua baino lehenagokoa da, zeren Bera Maitasuna baita, maitasuna denez, ez dio maitatzeari uzten. Gizakiok huts egiten dugunean, Bere maitasuna ez da amaitzen, ez da aldentzen, bertan mantentzen da.

Jesusen Jainkoa, batez ere, Abba da; hau da, bere gizakiei? baldintzarik gabe ematen zaiena. Beti maitatzen du, beti itxaroten. Beti barkatzen.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude